Azaroaren erdialdera egin ziren Alcalá de Guadairan porlan-fabriketan erraustearen aurkako Estatuko VII. Topaketak. Bertan, hondakinak prozesatzeko porlan-fabriketan burututako errausketa aztertu zen, jarduera horren gaur egungo lege-esparrua, errausteko prest ageri diren zementu-fabrikak kokatzen diren toki bakoitzean gertatzen ari diren borroka ereduak eta hondakinak kudeatzeko dauden alternatibak.
Espainiako Estatuko errausketaren aurkako plataforma guztiek parte hartu zuten, 3Mugak Batera barne, eta Mexiko eta Belgikako ordezkariak ere etorri ziren.
Zementu-fabrika bateko labeetan hondakinak erraustea teknikoki zer den analizatu ondoren, txostengileek, jarduera horren eraginpeko eskualdeetako osasunean, ingurumenean eta ekonomian jasaten diren ondorioak xehatu zituzten. Horretaz gain, oso interesgarria izan zen zementu-fabriketako eta hauen inguruko enpleguari buruz egindako azterketa zehatza, eta bertan behera geratu zen zementugileek hainbatetan erabiltzen duten argudioa, hau da, ez errausteak enplegu galera dakarrela. Agerikoa da, errausten duten fabriketan egon dela lanpostu galera handiena.
Honen harira eta 0 hondakin lortzeko alternatiben azterketan, argi geratu zen hauek askoz ere lanpostu gehiago sortzen dutela errausketarekin alderatuz.
Batzarraren ondorio eta lehentasun nagusietako batzuk hauexek izan ziren: plataformen arteko komunikazioa hobetu beharra, ontziak itzultzeko sistema bat ezartzearen aurka Ecoembes enpresak egindako presioa salatu, atez ateko bilketa eta auzo-konpostajea sustatu, zementu ekoizpenak dakarren osasun kostuen ikerketa bultzatu...
Bukatzeko, zementu-fabriketan erraustearen aurkako plataformen arteko lan koordinazioaren garrantzia azpimarratu zen, hondakinak kudeatzeko neurri jasangarriagoak eta eraginkorragoak sustatu beharrarekin batera.