Berri onak Castellótik

Erabiltzailearen aurpegia Hiru Mugak Batera
http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/ 2017ko mar. 10a, 08:17

kolaboratzaileak

Epaitegiek, noizbehinka bada ere, osasunaren alde eta hondakinen multinazionalen eta errauskailu eraikitzaileen interesen aurka epaitza ematen dute. Horixe da Auzitegi Gorenak L’Alcoran (Castelló) eraiki behar zen errauskailuaren eraikuntza bertan behera uzteko emandako aginduak egiten duena. Epaia sostengatzen duen arrazoi nagusia, osasunari zuzenki eragiten dion proiektu batean, herritarren parte- hartzean gabezia nabarmena eman dela izan da.

Azaldu ezina da hainbeste urte borrokan zeramaten  L’Alcorako adiskideek adierazi diguten poztasuna, eta saihetstezina da egoera hau gure ondoan, Zubietan hain zuzen ere, bizitzen ari direnarekin alderatzea, erdipurdiko politikaritxo batzuen eskutik, eta kasu honetan epaitegien onarpena jasoz, irrazionaltasunak nola aurrera darraien ikusten ari garen honetan.  

Borroka guztietan beharrezkoa da bi bide jorratzea, epaitegietakoa eta gizarte mobilizazioarena. Lehenengoa beti luzea eta korapilatsua izaten da eta azken emaitza gehienetan enpresa multinazional boteretsuen aldekoa izaten da, zeinak sarritan, epaitegien osaketan erabakiak hartzen dituzten alderdi politikoei donazio oparoak egiten dizkieten.

Bestalde, geuk izan dugun esperientziagatik eta beste prozesu batzuetan ikusi dugunagatik, askotan administrazioa bera izaten da enpresen baimen eskariak bideratzen dituena prozeduraren galbahea arazorik gabe igaro dezaten.

Baina bai batzuek eta bai besteek (enpresek eta administrazioak) ugaritan harrokeriaz eta larderiaz jokatzen dute, azken finean, betebeharreko zerbait bidean utzi badute ere badakitelako epaitegiek esku bat botako dietela konpondu beharrekoa konpontzeko.

Eta herritarren parte- hartzea ziurtatzen duen prozesua bermatzea gehiegitan ahazten zaien gaia izaten da, kontuan harturik gainera osasuna dela jokoan dagoena.

Beraiek ezarritako arauak ahazten zaizkie. Eta arauak ere alda daitezkeela “ahaztu egiten zaie”, hau da, gaur legezkoa denak, bihar ez duela zergatik horrela izan behar. Baina argi jakin behar dute, beti hor egongo dena, eta hori dela beti arauak aldarazten dituena, herritarren mobilizazioa izango dela.

Eta mobilizazio hau, gero eta ikerketa zientifiko independente gehiagotan oinarritutakoa da, eta hauek argi diote hondakinak erretzeak minbizi kasuak areagotzen dituela inolako zalantzarik gabe. Horregatik astakeria hauei aurre egiteko ezinbestekoa da herritarren mobilizazioa tinko mantentzea.