Gehien kutsatzen duenak ez du ordaintzen

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2017ko mai. 26a, 08:28

kolaboratzaileak

Orain dela gutxi onartu dute Katalunian auto eta furgoneta erabiltzaileek klima aldaketa eragiten duen CO2 isuriengatik 2018tik aurrera ordaindu beharko duten zerga berri bat. Ibilgailu bakoitzak ordaindu beharreko batezbestekoa 15 eta 30 euro artekoa izan daiteke, beti ere isuria km-ko 120 g CO2 baino handiagoa bada.
Hau Kataluniako kasua da baina horrelako neurriak, eraginkortasun zalantzagarrizkoak bestalde, beti poltsiko beretik ateratzen den diru bilketa dute helburu, eta gainera oso ondo saltzen dira nonahi, ustez, ingurumena babesteko direlakoan.
Betiko kontua da, edozeren zerga ezarpen herritar xumeon bizkar erortzea, enpresa kutsatzaile handienak betebehar horietatik kanpo uzten diren bitartean, eta ez oraingoan bezala bakarrik berotegi-efektuko gasen (BEG) kasuan, baizik eta gauza bera gertatzen da gure osasunerako askoz ere kaltegarriagoak izan daitezkeen gas ugarirekin ere bai, eta horren kostua gainera denon artean ordaintzen dugu.
Enpresa horiek Katalunian ez dute ordainduko. Hemen ere ordainduko ez luketen bezala eredu hori ezarriko balitz, eta hori berandu baino lehen gertatuko da.
Ezin dugu kalkulatu zenbat utziko duten ordaintzetik enpresa horiek Katalunian, herritarrek ordaindu beharko dutenarekin alderatuz gero, baina datu horiekin, bai alderatu dezakegula gure inguruko enpresa kutsatzaileenekin. Horrela, Zabalgarbiko errauskailuak, 2014an 235.000 tona CO2 isuri zituenak, 4 milioi euro inguru gutxiago ordainduko lituzke.
Horrela ateratzen dira aurrera proiektu hauek, kutsatzeagatik ez ordaintzeaz gain, erregimen bereziko primak jasotzen dituzte, gainera, beren ibilgailuen kutsaduragatik zerga ordaindu beharko luketenen poltsikotik.
CO2 isurtzaileen sailkapeneko txapelduna, alde handiz, Olaztiko zementu-fabrika da. Urtero 400.000 tona CO2 isurtzen ditu, hau da, horren arabera 7 milioi euro inguru ordaindu beharko lituzke
Lantegi honen kasuan, gainera, oraindik larriagoa dena gertatzen da, isuritako CO2arekin negozioa egiten dute zuzenean, gas hori dohainik isurtzeko asignazioak jasotzen baitituzte, hau da, diru-laguntzak CO2a isurtzeagatik.
Ustelkeria sistema osoan zabaldua dago. Eta ez dago ustelkeria morala baino okerragorik. Horren adibide dira aurrerakoiz jantzita errausketa inposatu nahi duten politikoen kasua. Aurrerakoiak bai, baina ustelkerian.