Berri onak Madriletik

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2017ko ira. 15a, 08:08

kolaboratzaileak

Epaitegi Gorenak bertan behera utzi du Madrilgo Komunitateak Portland Valderrivasi bere Morata de Tajuñako zementu fabrikan hondakinak errausteko baimena ematen dion ebazpena. Ebazpenak dio, herritarrenganako eragina duten horrelako erabakiak hartzeak etengabeko elkarrizketa publikoa eskatzen duela derrigorrez.
Madrilgo Komunitatearen baimenak 290.000 tona hondakin erraustea ahalbideratzen zion Portlanden zementu-fabrikari. Datu honek agerian uzten du, beste behin, zein diren Olaztiko zementu-fabrikaren jabe multinazionalaren egiazko asmoak. Nahiz eta beti, eta engainatu nahian, esan izan duen bere lantegiko labeek ez dutela errauskailu batek duen hondakinak errausteko ahalmenik, errealitateak dio ahalmen hori aise gainditzen dutela.
Esanguratsua da honen harira zementu-fabriketan egiten den errausketan adituak direnek adierazten dutena. Esate baterako, pizti kutsatzaile hauen arriskua azaltzeko, auto arrunt baten eta traktore baten arteko konparazioa egiten dute, hau da, errauste gaitasunari eta gas isurketari dagokionez, errauskailuak auto arruntak lirateke eta zementu-fabrikak berriz traktoreak.
Ebazpenean azpimarratzekoa den beste puntu bat, enpresa handi hauek administrazio autonomikoen aurrean agertzen duten jokabide handiustea eta legeria ez betetzearen aurreko inpunitatea dira. Lanpostuen galeren mehatxuak erraz bultzatzen ditu agintariak beti enpresa hauen interesen aldeko erabakiak hartzera, eta sarritan, gainera, herritarrei erabakietan parte-hartze zuzena izateko eskubidea ukatuz, nahiz eta beraiengan oso larriak izan daitezkeen ondorioak jokoan egon.
Ebazpenak Lafarge enpresak Montcada i Reixac-en (Bartzelona) duen zementu fabrikarekin loturik dagoen aurreko beste bati egiten dio aipu. Orduan bertan behera geratu zen administrazio autonomikoak “hondakinetatik eratorritako erregaiak” errausteko eman zuen baimena. HEE horiek dira zementuaren industriak hondakin errausketa mozorrotzeko erabiltzen dituenak. Garai hartan, gainera, Montcadako udalaren parte-hartzea saihestu nahi izan zen, “erregai” berri horiek erabiltzea ordura arte erabiltzen ziren beste betiko erregaien ordezkapen soil bat zela argudiatuz.
Epaitegiak, ordea, baimen berriak herritarrengan eta ingurumenean eragin zuzena zuela iritzi zion. Dirudienez, eragin kaltegarri horiek ez dira kezka iturri ez enpresa horiendako ez administrazio autonomikoendako, batez ere azken hauek multinazionalek finantzatutako alderdien esku baldin badaude.