Klima-aldaketa legea

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2018ko api. 13a, 08:14

kolaboratzaileak

Espainiako Estatuak prest izan behar du klima-aldaketa lege bat, urte amaiera baino lehen Bruselan aurkezteko. Lege honen eztabaida bete-betean gaudenean, jakin dugu Espainiak ez bakarrik ez dituela berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu, baizik eta gainera 2017 urtean %10ean areagotu dituela. Horrek baieztatzen du Espainiak ez duela Pariseko Akordioan hitzartutakoa beteko, hau da, 2030ean isurien %40a murriztea 1990 urtekoen aldean.
Gobernuarendako larria den egoera honen aurrean, interes-taldeek beren jarrera egokitzen ari dira ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Horrela, hainbat neurri hartzeko proposamenak aztertzen ari dira, besteak beste zentral nuklearren bizitza luzatzea, berotegi-efektuko gasen isurietan hain kutsagarriak ez direlako aitzakiarekin.
Beste proposamen bat, industria kutsagarrienek isurien merkatuan ordaindu beharreko isuritako CO2 tonaren prezioa igotzea da, ustez horrela, ahalik eta gutxien isurtzeko eta horrela gutxiago ordaintzeko teknika hoberenak aplikatuko dituztelakoan. Baina proposamen honek, berotegi-efektuko gasen isurketa murrizketa lehenestea du helburu, beste ondorio batzuk kontuan hartu gabe.
Zentral nuklearren kasuan, hauen arriskugarritasuna aintzat hartu beharko litzateke, batez ere izandako istripuek agerian utzi dutena eta hondakin erradioaktiboen kudeaketak sortzen duena.
Isurien komertzioari dagokionez, uste bezala ez duela funtzionatu egiazta daiteke. Esate baterako, zementuaren industriak negozioa egin du dohainik eman ondoren soberan izan dituen isuri eskubideak salduz. Eta larriagoa dena, hainbat lege iruzur erabili da hondakinak errausten dituzten zementu-fabrikek isuriekin negozio borobilagoa egin dezaten. Horrela, CO2aren prezioaren igoerarekin, zementu-fabrikek interes handiagoa ageri dute hondakinak errausteko eta ondorioz jarduera hau sustatzen ari dira, kontuan hartu gabe, osasunerako hain kaltegarriak diren dioxina, furano, partikula eta beste hainbat kutsatzaile arriskutsu sortzen direla bide horretatik.
Ezin dira hauspotu eta sustatu gizarteak arbuiatzen dituen praktika hauek, eta kutsaduraren kontra neurri eraginkorrak hartzeko erabakimen politiko ezagatik eztabaida zaharrak berriz mahaigaineratu ere ez. Kutsadurari eta hondakinak errausteari aurre egiteko konponbidea energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren sustapenetik, eta, produktuen berreskuratzea eta berrerabiltzea bultzatuko duten egitasmo sendoak ezartzetik etorriko da.