Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartea den Iratxek lur-zoru klausulak kentzeko eskatu die banku eta aurrezki kutxei, Legearen aurkakoak direla sinetsita. Afera onez onean konpontzeko gonbitea egin eta klausula horiek aplikatzen dituztenen aurka epaitegietara joko duela iragarri du elkarteak. Izan ere, banku eta aurrezki kutxek hipoteka mailegu hartzaile aunitz kaltetu dituzte Nafarroan klausula horiek kontratuetan ezarrita eta azken bi urteotan bezeroen aldekoak izan dira epai gehienak.Bezero gehienak ohartu ziren maileguaren interesa kalkulatzeko nagusiki erabiltzen den EURIBOR-a jaitsi egin zela, adostutako interesa baino gehiago ordaintzen zutela eta interesa muga batetik aurrera jaisten ez zela. Erran beharra dago hipoteka mailegu gehienak interes aldakorrekoak direla eta kontratu gehienetan Euriborra erabiltzen dela erreferentzia bezala.Lur-zoru klausularen aplikazioaren ondorioz, bezeroak bankuari gutxieneko interes bat ordaindu beharko dio, %2,50-ekoa adibidez, nahiz eta Euriborra %1 izan eta diferentziala %50koa. Izan ere, interes aldakorra finko bihurtzen da klausularen eraginez. Horren ondorioz, bezeroek 600 euro eta 5000 euro gehiago ordaindu behakor dute urtero, bataz bertze.Zoru klausulen harira, Epai Gorenak irailaren 9an gardentasunik gabe kontratuetan sartu diren klausulak legearen aurkakoak direla ebatzi zuen. Gainera, entitate batek gardentasunez jokatu duen jakiteko irizpide batzuk ezarri zituen eta zenbait kasutan gardentasunik ez dagoela zehaztu ere bai. Hala nola, zoru klausula egonda ere Euriborra jaisten bada bezeroari maileguaren interesa jaitsiko zaiola pentsaraztea, lur-zorua ezartzen duen klausularen garrantzia ez azpimarratzea, ordaindu beharreko interesa gainetik mugatzen bada azpitik ere mugatu behar dela irudikatzea edo kontratua sinatu baino lehen interesen gora-beheren arabera bezeroari zenbat ordainduko duen ez erakustea.Azkenik, epaiak dio ez dela beharrezkoa aipatutako irregularitate guziak gertatzea zoru klausulak indargabetzeko. Hori dela eta, baliorik gabeko klausulak kontratutik ezabatu behar direla eta klausularen ondorioz kobratutako dirua itzuli behar dela defendatzen dugu.