Elektrizitatea ekoiztea eta garraiatzea garestia da nonbait, are gehiago ingurumenean duen kostea kontuan hartzen badugu. Horrek kontsumoaren gaineko hausnarketa sakona beharko luke, interes ekonomikoek eta gure erosotasunak behin eta berriz saihesten dutena. Hori dela eta, bertze tokietan kokatzen da eztabaida, hala nola, prezioa, enpresen irabaziak eta gobernuaren erabakietan.
Aurten %2,3 igo da elektrizitatearen prezioa, behin behinean, batez ere Gobernuak arautzen duen atala garestituta. Behin behineko igoera da Gobernuak energiaren prezioa finkatzen duen enkantea baliogabetu zuelako, enpresek manipulatu zutela iritzita. Gero gerokoa, izan ere fakturaren prezioaren %55 Gobernuak erabakitzen du eta enpresek %45. Afera argitu arte zain egon beharko dugu, baina poliki garestituko dela segurutzat jotzen dute.
Gobernuaren erabakien garrantzia edo gure kontsumoari buruzko hausnarketaren beharra atzendu gabe, prezioari hainbat aipamen egitea egoki deritzot. Estatuko bezero gehienok “Tarifa de Último Recurso (TUR)” delakoa dugu kontratatua, Gobernuaren kontrolpean dagoena, nahiz eta enpresek ere bere prezioa baldintzatzen duten. Tarifa hau liberalizazioaren aurreko tarifa eta egungo tarifa libreen artean kokatzen da, merkeena izan da eta kontsumitzaileon eskubideak hobeki babestu ditu.
Enpresek eta Gobernuak interes handia erakutsi dute araututako tarifa desagerrarazi eta tarifa libreak zabaltzeko, enpresen arteko lehia ona izanen dela argudiatuta. Gure iritziz, gehiago irabazteko egiten dute, gure kalterako. Hara hor egungo tarifa libreak, aukeratzen dituenak gehiago ordaintzen baitu.Kontsumitzaileen elkarteetatik liberalizazioak ez duela elektrizitatea merketu salatu dugu. Enpresen iruzurrak ere salatu ditugu eta tarifa libreekin faktura ikaragarri garestitzen dela ere bai, zenbait kasutan %11 baino gehiago. Jasotzen ditugun erreklamazioak ikusita gainera garbiki erraten ahal dugu aseguruek eta mantenu zerbitzuek, hau da, deskontuak aplikatzeko kontratatzen direnek helburua nekez betetzen dutela.
Gogor jokatzen ari dira enpresak beren asmoa gauzatzeko: TUR kontratatu ahal izateko gehienezko indar-muga, egun 10 kilobatio dena, 3-5 kilobatiora jaistea eta TURaren prezioa garestitzea proposatu dute, TUR kontratatzeko jendeari trabak patzen dizkiote, etxez etxe nahiz telefonoz sutsuki saiatzen dira tarifa libreko kontratuak egiten…
Definizioz unibertsala den zerbitzu publikoa nork kudeatuko eta garaile nor aterako den dago jokoan, dudarik gabe.