Imajina ezazu zure talde kuttunenaren kontzertuan zaudela, zure lagunekin bideo bat grabatzen duzula abesti politena abesten, taldea atzean fondoan duzula eta Internetera igotzen saiatzen duzunean… bideoa zentsuratua izan da. Ba hori gertatu daiteke hemendik aurrera egile eskubideen inguruko zuzentarau berria onartu denetik.
Duela hilabete batzuk aurkeztu nizuen zuzentarau hau, copyrightaren lege bezala ezagutzen dena. Momentu horretan laguntza eske etorri nitzaizuen Europar Parlamentuko diputatuei zuzentarauaren kontra bozka zezaten eskatzeko. Ba errealitate bihurtu da, martxoaren 26az geroztik legea indarrean dago, nahiz eta herrialdeek araua martxan jartzeko bi urteko epea izan.
Egileak “babestuko” dituen legearen 17. artikuluak, aurretik 13.a zenak, legea betetzeko iragazkiak plataforma handien esku uzten ditu, Youtube, Facebook, Instagram edo dena delakoak. Hauek iragazki automatikoak sortu beharko dituzte copyright-a duen edozein gauza zentsura dezaten, zentsuraren boterea makro enpresa hauen eskura utziaz, adierazpen askatasunaren aurka argi eta garbi eginez.
Honela, zure bideora bueltatuta, kontzertuko taldearen egile eskubideak bermatze aldera, plataforma hauen lehen eginkizuna zure bideoa zentsuratzea izango da, eta ondoren, zuk frogatu beharko duzu irabazi asmorik gabeko bideo bat igotzen ari zarela.
Lana zaila izango da gaur egun ezagutzen dugun youtuberrentzat, adibidez. Edozein pelikularen edo serieren irudirik ezingo dute erabili kritikak egiterako garaian, zuzenean zentsuratu izango litzatekeelako, gupidarik gabe. Edo musika berria ezingo lukete jarri hondartzan zeinen gustura dauden erakusten duten instagramerrek.
Hurrengo hilabetetan ikusiko dugu zein puntutaraino aldatu den gaur egun ezagutzen dugun Internet sarea. Nik behintzat, ilun ikusten dut etorkizuna.