Estatu Batuetako gobernuak aspalditik izan du jopuntuan Huawei enpresa. Hasieratik izan dute mesfidantza enpresa honen jarduerekiko, eta batez ere garatzen duten teknologiaren jakinduriaren jatorriarekiko.
Hemendik dator orain hainbeste titular betetzen dituen auzia, Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra ekonomikoaren barnean kokatu behar duguna. Trumpek Huawei korporazioari leporatzen dio Estatu Batuetan ikasi duten txinatarren jakinduria erabiltzen duela aurrerapen teknologikoak egiteko, eta hori espiatzea dela. Espioitza salaketa hau erabili du Trumpek Huaweiri Estatu Batuetan ateak itxi eta bertako enpresekin lankidetza galarazteko. Huawei frogatu gabeko akusazio batekin erori arazi nahi du inteligentzia agentziak, gu guztioi espiatzen gaituela frogatua dagoen herrialde batek.
Kasu honek software librearen beharra azaleratu du, argi gelditu baita momentuko politikariaren flekilloan jartzen zaionaren menpe ezin garela bizi, horren aurrean enpreseak eta garatzaileeak tresnak izan behar ditugula. Software librearen bitartez, ezingo lukeelako politikariak mugak jarri, edozeinek erabil dezakeelako kodea.
Huaweik ezingo du, Trumpen mandatuz, hemendik aurrera Googlen Android sistema erabili. Baina Android sistemaren oinarrizko geruza askea denez –Linuxen kernela–, edozeinek erabili, aldatu edo zabaldu dezake. Ondorioz, Huawei bere sistema propioa garatzen ari da oinarrizko geruzaren gainean, eta horregatik errefusatu zuten Estatu Batuek ematen zioten luzapena, “prest gaude” mehatxatzaile batekin.
Hala ere, Estatu Batuei mugimendu hau gaizki etor dakioke, orain arte mugikorren bi sistema nagusiak Google eta Apple estatu batuarren esku zeudelako. Baina Huawei enpresa bere sistema propioa buru belarri garatzen jartzen bada, eta konpetentzia egiten hasten badira, nagusitasun hori gal lezakete, eta oraindik garrantzitsuagoa dena, gaur egun Trumpen gobernuarentzako, Big Dataren zakua ezingo lukete gehiago handitu gure datuekin.
Ikusteke dago Trumpen mugimendua Txinako ekonomiarendako zauri bat izan den edo bere oinean jo duen tiroa.