Joan den asteburuan Errekaleor auzo askea burujabetza teknologikoaren hiriburua bihurtu zen. Leku desberdinetako jendea elkartu ginen urtero egiten den hackerren arteko topaketan parte hartzeko. Bertan, hitzaldi, tailer, mahai inguru eta jarduera desberdin asko egin ziren, beti burujabetza teknologikorako bidea eginez.
Hackmeetingak hiru helburu nagusi izaten ditu. Lehenengoa, jakintza zabaltzea eta elkarbanatzea da. Kultura askearen filosofian oinarrituta egiten dira topaketa hauek eta bakoitzak dakiena besteei zabaltzea oso garrantzitsua da. Hau dela eta, egun guztia tailer eta hitzaldiz betetzen da. Adibidez, plataforma antikapitalista desberdinen aurkezpena egon zen edo e-maila internet gabe erabiltzeko aukera. Baina gauza sortzaileagoak ere izan ziren, kezka gehien eragiten duen anonimotasun faltari aurre egiteko maskara zoragarriak egin ziren tailer batean, edo mugikorrendako faraday zorroak nola egin ere aztertu zen.
Bigarren helburua, burujabetza teknologikoaren zabalpena egitea da. Joaten garen inguruan eragina izaten saiatzen gara. Alde batetik, topaketa egiteko espazioa uzten diguten lekuak dituen beharrei erantzunez, edo saiatzen behintzat, Internet sarea jarriz adibidez. Eta bestetik inguruko pertsonengana iristen. Aurtengoan burujabetza teknologikoaren inguruan dauden eragileak elkartu dira eta pausoak emateko oinarriak jarri dituzte.
Eta hirugarrenik, egun guztian ordenagailu aurrean lan egiten dugun pertsonen arteko gorpuztea eta erlazioa da. Urte guztian zehar pantailaren bidez erlazionatzen garen pertsonak gara eta oso garrantzitsua da leku fisiko bat izatea gure artean elkartzeko. Horregatik aisialdirako gauzak ere egiten dira Hackmeetingean, 10 minututako txarla arinak, irrati grabaketak eta erregina, Negro Mate karaokea. Hackeatutako letrak dituen karaoke honek partaideen algarak eta dantzak eragiten ditu beti. Kodea aldatu ta segi aurrera!