Katalunian Gorenaren epaiaren kontrako mugimenduak hasi zirenetik, argi ikus zitekeen ez zuela orain arteko protesten eredua jarraituko. Protesta hauek Tsunami Democratic deiturikoak bultzatu ditu, hau da, instituzio, alderdi politiko edo plataformatik kanpo dagoen mugimendu herritar batek. Orain arteko "ez dakit zein egunean manifestazioa" gainditzen duena eta teknologia arma antolatzaile garrantzitsutzat erabili duena, eta erabiltzen ari dena.
Epaia atera aurretik Tsunami Democratic mugimenduak informazio bakar eta bitxi bat kaleratu zuen; Kataluniako herriari irrati bat, oinetako erosoak, janaria eta ura beti gainean eramateko eskatu zioten, aurrerago jakingo zutela zeintzuk izango ziren hurrengo pausoak. Blockchain teknologiaren logika erabiliz antolatu zuten protesta; puzzle batean bezala, pertsona edo pertsona talde bakoitzak ekintzaren zati bat bakarrik jakingo zuen eta behin pauso guztiak emanda jakingo zen zein zen benetako ekintza. Honela, Prat aireportua blokeatzera iritsi ziren.
Ekintza hauek aurrera eramateko teknologia askeak erabili dira, logika merkantilista batetik kanpo dauden komunikazio sistemak. Hasierako egunetan Telegram aplikazioaren kanal baten bitartez bidali zituzten mezuak, 350.000 erabiltzailera iristen den kanala. Telegramen kodea askea da, baina informazioa gordetzen duten zerbitzariak ez dira. Gainera, sortzaileak argi utzi zuen ez zela inongo gobernurik bere zerbitzarietara sartuko. Bigarren pausoa, subirautza teknologikorantz izan zen.
Praten ekintzaren ondoren, eta fokua sare herritar honetan eta Telegram kanal honetan zegoenean, beraien aplikazio propioa argitaratu zuten. Retroshare teknologian oinarritutako aplikazio honek parekoen arteko komunikazioa, hau da, zerbitzaririk gabeko komunikazioa erabiltzen du, pertsonatik pertsonara bidaltzen da informazioa. Eta aplikazio hau erabiltzeko, kanalak ez bezala, QR kode bat beharrezkoa da, Tsunami Democratic sarearen arabera "zure konfiantzazko inguruan" aurkituko duzuna. Etengabe erabiltzen ari dira aplikazio hau, eta protestek, oraingoz behintzat, ez dute bukaerarik.
Espainiako gobernuari hasieratik ez zaio gustatu Tsunami Democraticen antolatzeko modu hau eta honengatik, web orria itxi egin dute, inongo epaileren baimenik gabe (asteazkeneko legearen aurretik, orain legala da) eta Githuben dagoen aplikazioaren kodea kendu nahi izan dute Guardia Zibilaren idatzi batekin, baina ez dute lortu.