Jada 11. kolaboraziora iritsi naizen honetan, euskaraz hain berezia den hamaika zenbakira, kultura askea zer den azaltzeko garaia iritsi dela iruditzen zait.
Baina hasieratik hasiko naiz. Gizartearen lehenengo hastapenetan, sortzen zen guztiak domeinu publikoa zuen, idatzitakoak, errezetek edota istorioek. Edozeinek erabili, kopiatu edo aldatu zezakeen bizilagunak asmatu zuen abesti eder hori. Kopia hauei esker, idazki asko enperadore maltzurren sugarrek erre gabe gelditu ziren.
1710. urtean hasi ziren kultura komertziala mugatzen, egile-eskubideen bidez. Kultura komertziala, produzitu eta saltzen den edo saltzeko sortzen den kulturako parte hori da. Eta gainontzeko kultura ez komertziala da, adibidez, aiton-amonek beren bilobei kontatzen dizkieten istoriotxoak.
Baina lege haiek geroz eta zorrotzagoak egin ziren, edozein sormeni aplikatuz. Eta gainera, kulturaren zabalpena oso kontrolatua zen, bide komertzialak erabiltzen.
Internetek guzti hau hankaz gora jarri zuen. Sormenak zabaltzeko bide berriak agertu ziren, enpresetatik kanpo. Hau dela eta, egile-eskubide lege berriak ezarri dira ia herrialde guztietan, baina ez hainbeste egilea babesteko helburuarekin, negozioa babesteko helburuarekin baizik, zabalpen kontrolatua egite aldera.
Hortik sortu ziren kultura askea babesten zuten mugimenduak. Mugimendua softwarearen aldetik sortu zen batez ere, baina ondoren, sorkuntza guztira zabaldu zen.
Baina zer da benetan kultura askea? Sorkuntza lanen zabalpen eta aldaketarako askatasuna da. Hau da, hastapenetara bueltatu eta kultura herrira bueltatzeko modua izango litzateke. Kultura askearen bitartez, edozeinek sortu dezake kultura, eta jakintzak elkarbanatzeko eta hobetzeko aukera izango litzateke, negozioa helburu duten enpresak alde batera utzita.
Jende askok askea eta dohain izatea nahasten ditu, eta ez da horrela. Kultura askeak ez du zergatik dohainik lan egitea esan nahi. Sortzaileek zerbait sortzeagatik irabaziak jaso ditzakete, baina ondoren zabalpena askea izango litzateke. Adibidez, sortzaile batek aldizkari batean publikatzeko ilustrazio bat egiten badu, ilustrazioarengatik diru bat jaso dezake, baina ondoren, ilustrazio hori zabaltzen den bakoitzean ez du inork kobratuko, ez berak, ez inork.