Konfinamenduko opor hauetan etxean konpresa hauek sortu ditut, materialak berrerabiliz. Hona hemen hauek egiteko pausuak:
Materialak bildu
Etxetik bilatu eta gauza hauek aurkitu ditut:
- Soberan ditudan koloretako kotoizko oihal zatiak
- Toaila txiki bat
- Kamiseta zahar bat
Txantiloia egin
Modu desberdinetara saiatu naiz, baina azkenean modu hoberena hau izan da; orri bat hartu, lautan tolestu eta alde batean forma borobilagoa egin eta bestean, hegalak doazen lekuan, punta borobilak dituen laukizuzen modukoa.
Muntaia
Behin txantiloia eginda, muntaketarekin hasi naiz. Kotoizko bi ohial hartu ditut eta marrazkia duen aldeak barruraka jarri ditut, bata bestearen aurrean, honela, behin josia dagoenean eta buelta ematerako momentuan marrazkia kanpoan geldituko da. Gainetik txantiloia jarri diot jostorratzekin eta zentimetro bateko tartea utzita ingurutik moztu dut.
Barruan, xurgatzen duten oihalak jarri ditut, toaila eta kamisetaren bi geruza. Bi oihal hauek hegalik gabe moztu ditut, hegaletatik hilerokoa ez ateratzeko.
Josketa
Behin dena muntatuta, josketarekin hasi naiz. Josteko makinarekin josi dut errazago egin ahal izateko, baina eskuz ere josi daiteke. Lehenengo inguru guztia josi dut, alde bat josi gabe utziz.
Ondoren buelta eman diot.
Buelta emanda dagoenean, josi gabeko punta josi eta inguru guztia berriro josi. Xurgatzeko oihalak dauden lekuan ere josketa bat eman, barruko oihalak ondo lotu daitezen.
Bi hegalak itsasteko eta kuleroan ez mugitzeko, klak egiten duten botoitxoak jarri dizkiogu.
Ondo errematatu korapiloak, askatu ez daitezen eta listo! Zure pototak eskertuko du!