Irailaren 7tik Nafarroa osoan erabilgarri dago Radar COVID aplikazioa. Sartu, eta lehenengo gauza, pribatutasuna babestea lehentasuna dela diote. Horrelako app batean pribatutasuna babestea oso garrantzitsua da eta egun hauetan asko hitz egin da honi buruz. Irailaren 9an, historian lehen aldiz, administrazio publikoak tresna digital erraldoi honen kodea argitaratu zuen, "Mozilla Lizentzia Publikoa 2.0" lizentzia librearekin.
Behin kodea askatuta, adituek funtzionamendua zehatz mehatz zein den ikusi ahal izan dute. Telefonoek bluetooth bidez soilik detekta ditzakete aldamenean egondako beste telefonoak, GPS-a edo beste teknologia inbaditzaileagoak erabili gabe. Gainera, telefonoek ausazko gakoak sortzen dituzte identifikatzeko, ez bakoitzaren informazioa. Eta ausazko gako hauek dira, bi metrora edo gutxiagora egonez gero, beste telefonoekin elkarbanatzen dena, bluetooth seinalearen intentsitatearen arabera neurtzen da gertu egon ote den.
Pertsona batek PCR batean positibo emanez gero, PCR proban bertan emandako kode bat sartu beharko du. Eta orduan, bere gakoa gordeta duten mugikor horietan abisua agertuko da, positibo batekin kontaktua izan dela eta osasun etxera deitzeko. Inongo momentuan ez da elkarbanatuko pertsona positibo horren informazioa.
Pertsona askok galdetu didate app honi buruz, batez ere pribatutasunarekin kezkatuak. Egunero, pentsatu gabe ematen diogu adostasuna gure datuekin negozioa egiten duten aplikazio horiei guztiei. Baina kasu honetan, teknologia benetan osasunerako erabilgarria den kasu honetan, konfinamendua sahiesteko baliogarria izan daitekeenean, beldurtzen gara. Baimenak bakarrik ikustea da garrantzitsua, multinazionalen aplikazioek informazio pila bat jasotzeko eskatzen dute, baina Radar COVID-ek bluetootha eta sarearen erabilera bakarrik eskatzen dute. Zuen esku uzten dut erabakia!