Aurtengo Martxoak 8rako Mugimendu Feministak "Sistema arrakalatzeko" deia egin du. Osasun krisian urte bat daramagu murgilduta, 2020ko martxotik hona gure bizitzetan aldaketa handiak izan dira, eta aldaketa nagusienetako bat Internetera konektatuta pasatzen ditugun orduak izan dira.
Aldaketa hau oso ondo etortzen zaio sistema kapitalistari, Interneten kontsumitzen dugun guztia kontrolatu dezakeelako, zein telesail ikusten dugun, zein gauza erosten dugun edo zeinekin erlazionatzen garen. Kontrol sozial militarizatua kaleetan izateaz gain, sarean ere ematen da, eta modu bortitzagoan gainera.
Sistema patriarkalari ere laguntzen dio gu sarean erlazionatzeak. Interneteko zerbitzuetan genero rolak erreproduzitzen ditugu etengabe, logika matxistetatik sortzen diren zerbitzuak dira hauek, emakumezkoen irudia etengabe erabiliz eta gizonezkoak esaten dutenarengatik goraipatuz, eta pertsona ez binarioak ezabatuz. Zein generotako youtuberrak joan dira Andorrara?
Ezezagunekin sarean sortzen ditugun erlazioetan ere sistema etengabe erreproduzitzen dugu. Matxismoa seinalatu duen emakume bati erantzun bortitzak emanez, inguruko emakume guztion ahotsa isilaraziz, edo emakume transen aurka egiten diren sorgin ehizak adibide. Baina hauek, beti bezala, izebergaren puntak dira bakarrik, harreman horiek nondik eta nola sortzen ditugun birpentsatu beharko genuke. Sareak ematen digun anonimotasun hori erabili harreman berri eta eraikitzaileak sortzeko, bata bestea zaintzeko.
Logika kapitalista, patriarkala eta arrazista erabiltzen ez duten tresnak erabili behar ditugu erlazio hauek modu eraikitzaileagoan egin ahal izateko, ezin baitugu sistema arrakalatu sistema beraren tresnekin. Ezin dugu ahaztu gainera, aldaketa hau erreala izateko, emakumeen*, arrazalizatutako pertsonen edo pobretutakoen ikuspuntua beharrezkoa dela tresna hauek sortzerako garaian, eta horretarako hezkuntzatik ere pertsona hauek programatzera bultzatu behar zaie txikitatik.