Txertaketaren kanpainarekin aurrera goaz. Badirudi hasierako arazoak konpontzen ari direla eta ondorioz, geroz eta pertsona gehiago txertatu dituzte gure herrietan.
Pfizer, Moderna eta AstraZeneca txertoak iritsi dira gurera. Hiru hauek garatzeko finantziazioa nagusiki gobernuetatik iritsi da, hau da, diru publikotik. Baina ondoren, komertzializazioa industria farmazeutikoaren eskuetan egon da. AstraZenecaren kasuan, gainera, Oxford Unibertsitateko Jenner Institutuak txertoa produzitzeko lizentzia mundu guztiko institutuetara zabaltzea zen hasierako ideia, baina badirudi, Gates Fundazioak lizentzia hau ixtearen alde egin zuela, herrialde txiroenetan txertoa garatzeko modua ezingo zutela kontrolatu, eta, hoberena lizentzia AstraZeneca multinazional farmazeutikoari ematea izango litzatekeela, besteak bertan behera utziz, eta negozio bilakatuz.
Txertoaren banaketan egondako arazoak, edo irregulartasunak, txertoak negozio izatearen ondorio zuzena dira. Herrialdeak borrokan ibili dira beraien artean, eta ez da kasualitatea munduko herrialderik txertatuenen artean Israel eta Arabiar Emirerri Batuak egotea. Gainera, Pfizerrek Europar Batasunera milioika dosi bidaltzen hasi denean, prezioa igoko duela aditzera eman berri du.
Horregatik da hain garrantzitsua diru publikoarekin sortutakoa lizentzia askearekin argitaratzea. Txertoen kasuan patenteak askatu behar dira, herrialdeen arteko borroka hauek sorrarazi ez ditzan eta ez dezaten gure osasunarekin jolastu. Gainera, egun, hain ahaztuta ditugun herrialde txiroenetako herritarrek txertatzeko aukera ere izan behar dute.
Neurri honekin batera, industria farmazeutiko publiko indartsuak behar ditugu. Logika kapitalistatik kanpo dauden laborategiak, non medikamentuak herritarren beharrak kontuan hartuz sortuko diren. Europar Batasuna bezalako aparatuek balio dezatela, behintzat, osasuna oinarri duten industria hauek sortzeko.