Udarako proposamenak

Erabiltzailearen aurpegia Iune Trecet Obeso 2021ko eka. 21a, 11:05

Eta iritsi da kurtsoko azken kolaborazioa. Bero egiten du kanpoan, eta haurrek oporrak oso gertu dituzte, heldu batzuek ere. Udako egun luzeak modu askotan disfrutatu daitezke, baina nik hiru jarduera proposatuko dizkizuet, beti ere teknologia askeekin lotutakoak.

  1. Txikipedia (https://labur.eus/txikipedia): Wikipediaren eskutik datorren txokoa da Txikipedia. Bazkaldu ondoren haurrekin lasai egoteko aukera ezin hobea da. Gauza asko ikas daitezke txoko honetan, baina beti modu dibertigarrian. Adibidez, zergatik ospatzen dugu San Joan gaua? Zer lotura du ipar hemisferioko ekinozioarekin? Bitxikeria pila bat ikas ditzakegu etxeko txikienekin batera. Edo mundu biografia pila bat dituzue pixkanaka mundu guztiko pertsona desberdinek egindakoa ezagutu ahal izateko. Nor da Serena Williams? Edo zer egin zuen Mary Read piratak? Gainera, gauzak errazte aldera, mugikorretarako aplikazio bat ere sortu dute, edozein lekutara eraman ahal izateko.
  2. Inkscape challenge (https://labur.eus/Inkscape): Duela hilabete batzuk aurkeztu nizuen Inkscape bektoreetan oinarritutako programa, eta honekin lotura zuzena du bigarren proposamenak. Marraztea gustatzen bazaizue, Inkscapen webgune ofizialean erronkak izaten dira erregularki. Gai bat aukeratzen dute, eta gaiari buruzko Inkscapen sortutako marrazkiak igo behar dira foroan. Orain adibidez "Ipuinak" da gaia. Ez dago saririk, baina irabazlea suertatzeak izugarrizko ilusioa egiten du, eta batez ere, udan zehar marrazten jarraitzeko aitzakia da.
  3. OSMTracker (https://labur.eus/OSMTracker): Joan den urtean data hauetan hiru erronka proposatu nizkizuen, horietako bat Geocachinga zen. Aurten, mapekin jolastu beharrean, mapak sortzeko proposamena ekartzen dizuet. Open Street Maps mapa libre eta kolaboratiboak egiteko mundu mailako proiektu bat da. Mapa hauek edozeinek sor ditzake, nik adibidez, nire herriko denda eta tabernak gehitu nituen. OSMTracker aplikazioarekin oso erraz egiten da, mugikorreko GPS-a piztuta izanik non zauden esango dizu, eta mapetan ez dagoen establezimendu baten aurrean zaudenean, establezimendu mota zein den eta zein izen duen jarrita, lekuan bertan gordeko duzu. Ondoren, etxera iristerakoan, Open Street Mapsen bulkatu behar duzu. Horrez gain, mendiko bideak ere grabatu ditzakezu, zure ibilbidean zehar grabatuz eta ondoren mapan ere bulkatuz, ibilbide mota, txirrindulak joan daitezkeen, eta abar. Horrela, zure inguruan dauden zonalde politak ezagutaraziko dituzu.

Baina batez ere, ondo pasa!