Sakanako udaletan pauso handiak ematen ari dira herritarrek mundura sarbidea izan dezaten. Arakilen adibidez, Abaila kooperatibarekin elkarlanean, zuntz optikoa zabaldu dute herri guztietatik, Guifinet sarearen bidez. Guifinet telekomunikazio sare askea, irekia eta neutrala da eta honi esker telekomunikazio enpresa kapitalista handien atzaparretatik irten eta sarearen burujabetasuna lortzen da. Honi esker, herri guztietara iritsiko da sarea, ez duelako negozioak lehentasuna izango, herritarrek izango dute bere sarearekin erabakitzeko askatasuna, ez dizkiete bere datuak komunikazio enpresa erraldoiei emango eta gainera, enpresa hauek ezartzen duten zentsurarik ez dute jasango.
Egun, ura eta elektrizitateaz gain Internet sarera sarbidea izatea ezinbestekoa da herri batek biziraun dezan. Herritarrak beste leku batera bizitzera joateko beharra senti ez dezaten, haurrek etxerako lanak egin ahal izateko sarea izan behar dute, baina baita aisialdirako ere, bideo jokoak eta telesailak bogan daude gazteenen artean, eta hauek erabili ahal izateko Interneterako abiadura duin bat izan behar dute. Baina ez haurrek bakarrik, geroz eta gehiago dira webgune bidez egin behar diren eskariak eta agiriak. Aurrez aurre egiten ziren izapide asko online egin behar dira gaur egun, medikuan ordua eskatu, errenta aitorpena edo kontzertu baterako sarrerak eskuratzea, esaterako.
Populazioa ez galtzeaz gain, beste onura bat izan dezake abiadura ona duen Internet sarea jartzeak: kanpoko jendea herrira erakartzea. Gure herriak pandemiaren ondorioz hainbeste bultzatu den telelana egiteko leku ezin hobeak izan daitezke, herri txiki eta eder hauetan hirietako jendeak bilatzen duen lasaitasuna aurki dezake egunerokoan lan egiteko. Bulegoa belardi batean izan dezakete, eta zeinek ez du horrekin amesten?
Ireki daitezela Sakanako herriak mundura, eta mundua irits dadila herri txikietara.