Gomendioak zaintzaile nagusiari

Zaintzaileari, zaintzaile nagusiari, denek aipatu baina gutxik aitortzen duten zaintzaile horri.

Zaintzailearen sindromea saihets daiteke. Ez zaintzaileak bere burua zainduz bakarrik, ingurukoek ere hura zainduz baizik. Izan ere, zaintzailea falta bada, zeinek artatuko du pazientea etxean, berak ematen dion maitasunez eta arduraz?

Horregatik, eriaren faseen arabera, beharrezkoa da tresna edo laguntza egokienak bilatzea, hala nola:

1.Eguneko zentro psikogeriatrikoa: gaixoarentzat pizgarria da; zaintzaile nagusiarentzat atsedena, etengabeko ahaleginean.

2.Badira autolaguntza taldeak, eriaren sendiak planteatzen dituen arazoak bideratzeko. Zaintzeko lana banatu egin behar da eriaren etxekoen artean, ahal den neurrian. Batzuek zuzenean egin dezakete hori; beste batzuek, berriz, zeharka, baina denon laguntza nahitaezkoa da gaixoaren zaintzan. 

Oro har, zaintzaile nagusia pertsona bera da eta zenbait euskarriz balia daiteke:

-Harreman zuzena eta pertsonala oheburuko medikuarekin. Berak argituko dizkio izan ditzakeen zalantzak eriaren gaixotasunari edo bere eragozpenei buruz, baita lagundu ere erabakiak har ditzan.

-Harremana gaixoen familien elkarte batekin (NAFE), Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoekin eta gaixoen beste familiekin. Horiekin denekin mintza daiteke zaintzailea eta orientatuko dute bere bidean, arituak baitira antzeko lanetan.

- Plangintza ekonomikoa gastu ezohikoei aurre egiteko: beste profesional batzuen kontratazioa, aparatu ortopedikoak, nutrizio-gehigarriak, etab.

-Bere lana  eramangarriago egiten dieten gauzak edo egoerak eskuratzea: jantzi bat, liburu bat edo ibilaldi bat kalean zehar…


Josefina Arregui klinika