Irailaren 21ean Alzheimerraren eguna ospatu zen beste behin ere.
Gaitz horrek ondorio latzak ditu jendartean eta osasungintzan. Hurrengo urteetan gaiak garrantzi handia hartuko du, jendea zenbat eta gehiago bizi, orduan eta gaixo gehiago izanen direlako. Espainian, urtero, 40.000 pertsona gehiago daude Alzheimerrarekin. Gutxi gorabehera, 600.000 gaixok dute eritasun hori estatuan. 2050. urterako, 1,5 milioi paziente izan litezke.
Gaixotasunaren jatorria ezezaguna da oraindik. Hala ere, onuragarria da sintomak tratatzea. Dena dela, gaur egun ezin da sendatu. Alzheimerrak mendekotasun handiagoa sortzen dio gaixoari, baita nahigabea ere, bai eriari bai hura zaintzen duen familiari (osasun kaxkarragoa, gizarte jarduerak uztea, lanaren eta baliabide ekonomikoen galera...). Horrela, inguru zabalean du eragina, Espainian 600.000 gaixo badira, eragina 3,5 milio pertsonengan baitu, aldez edo moldez. Beraz, guztion problema da Alzheimerra, guztiok egin behar diogu aurre, edozein dela ere gure ideologia, sinesmena edo bizilekua.
Estatuaren esku beharko luke Alzheimerraren kontrako plana, eritasuna ardatz harturik, gaixoaren eta familiakoen beharrak aztertzeko, erien eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzearren.
Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoaren antzeko baliabide gehiago behar dira, gaixoa bere osotasunean tratatzeko eta zaintzaileei laguntzeko eta informazioa emateko.