Alzheimerra duen gaixoak oroimena eta beste gaitasun batzuk galtzen ditu pixkana-pixkana. Egunerokoan, ziurtasun eza ekar diezaioke horrek: sua piztuta utzi, kalean dabilela galdu, botikak behar bezala ez hartu... Agian, ez du dirua ongi kontrolatzen; dirutzak atera ditzake banketxetik; behar ez dituen gauzak erosi edo, apika, zenbaitek aiseago engainatzen ahal du.
Eriaren interesak babesteko, beste pertsona batzuk hartu beharko dute haren gaineko ardura. Hori behar den bezala egiteko, legezko ezgaitasuna deklaratu behar da, aldez aurretik. Ondoren, gaixoaren egoera administratzeko eta haren interesak zaintzeko legezko tutorea izendatuko da.
Josefina Arregui Klinikan jabetzen gara erabaki hori hartzea zaila dela familiarentzat, baina egokiena dela ikusten dutela. Maiz galdetzen dute nola egin hau gure aitari edo amari? Ezgaitasunari buruzko erabakia epaile batek hartuko du. Gaur egun Alzheimerraren diagnostikoa gero eta goizago egiten da, eta ezgaitasunak ez du eraginik izanen gaixoak behar dituen alorretan baino. Beraz, eritasunaren bilakaeraren ondorioz gaixoak zer gaitasun galtzen duen, hartara egokituko da ezgaitasuna. Gainera, gaitasun batzuk berreskura daitezke, berriz ere.
Daitekeena da gaixoak berak eskatzea aurretiazko borondateen agiria egitean, gerta dakiokeena aurreikusita. Maiz gauzatzen ez bada ere, familiak lasaitu ederra hartzen du horrelakoetan. Eriak berak eskatzen ez badu, eska dezakete familiakoek, sendagileek, gizarte langileek eta, zenbaitetan, auzokoek ere, baldin uste badute pertsona batek babesa behar duela gaitasun kognitiboak galtzen hasia dagoelako.