Alzheimerra zerk eragiten duen ez dakigu zehazki. Bai ordea, Alzheimerraren garapenean faktore asko agertzen direla: adina, familia aurrekariak, eritasunak, bizimodua… Ezin ditugu denak tratatu; bai, ordea, haiei aurrea hartu, neurri batean.
Bi arrisku faktore funtsezkoenak adina eta familia aurrekariak dira. 65 urtetik gorakoek %10eko arriskua dute; 85 urtetik gorakoek, berriz, %50ekoa ia-ia. Gurasoek edo aitona-amonek dementzia izan badute arriskua handiagoa da. Hala ere, kasuen %1ean hartzen da herentziazko gaixotasun bezala. Genetikak gazteengan du eragina. Beste kasuetan, faktore bat gehiago dugu.
Neurri hauek hartuta Alzheimerra atzeratu edo saihestuko dugu:
- Gutxi eta ongi jan. Dieta aberatsa izan: arraina, barazkiak, fruta eta gantz begetalak (oliba-olioa).
- Alkohol gutxi edan.
- Saihestu tabakoa eta beste toxikoak (pestizidak, ongarri toxikoak…).
- Gorputz ariketa maiz egin.
- Ez egon bakarrik luzaro: jo elkarte edo taldeetara, bilatu lagun eta adiskideak, ongi pasa.
- Segi ikasten eta irakurtzen. Zenbat eta ikasiagoa izan, dementzia gutxiago agertzen da.
- Inguruan zer gertatzen den ikasi.
- Aisialdian jarduerak egin.
- Kasu egin zure osasun fisikoari eta psikologikoari (depresioa ere arrisku faktore bat da).
Gure artean zabaldua dago uste oker bat: zahartzaroa eta Alzheimerra estuki lotuta daudela eta ezin dela deus haiek galarazteko. Borroka gaitezen uste horren aurka!