Alzheimerra duten gaixoen erorketak

kolaboratzaileak

Gizartearen etengabeko zahartze prozesua dela eta, azken hamarkadan gai honen inguruan egin diren ikerketen arabera, Alzheimer gaixotasuna daukaten pertsonak sarriago erortzen dira; gaixotasuna ez dutenak erortzen direnaren hirukoitza. Erorketak gehiago errepikatzen dira eta pronostiko larriagoa izaten dute.

Funtzio kognitiboak –edozein ekintza aurrera eramatea ahalbidetzen duen buruaren prozesuak– garrantzi handia dauka Alzheimerra daukaten gaixoen ibiltzearen eta oreka mantentzearen erregulazioan. Atentzioak, funtzio exekutiboak, ikusmen espazialak eta, baita ere, memoria baliabideek horren kontrolean parte hartzen dute.

Gaixoen buruaren hondatzearekin batera, zenbait aldaketa gertatzen dira haien ibileran. Hala nola, abiadura txikitzen dute, pausoak motz, balantzaka eta arrastaka ematen dituzte, pausoen luzera aldakorra bihurtzen zaie, besoak gutxiago mugitzen dituzte edo oztopoak saihesten motelagoak dira. Ohean mugikortasun ona daukaten arren, ibiltzen hastea zaila egiten zaie; zoruari itsatsita gelditzen dira eta oina igotzerakoan kulunkatzeko edo erortzeko arriskua daukate. Pauso batzuk eman eta gero, ibilera hobetuz doaz, baina bat-batean gelditu daitezke eta, segundo batzuen buruan, berriro ibiltzen hasi. Hau da, medikuntzan “martxa apraxikoa” bezala ezagutzendeitzen denaren zantzuak dauzkate.

Alzheimer gaixotasuna daukaten pertsonen tratamenduan ibileraren ebaluazioa pisu handikoa da. Geroz eta argiagoa da ariketa fisikoak kognizioan, hau da, burmuinean, dakarren onura. Izan ere, ibilerak burmuinaren eremuen arteko lotura eta elkarreragina bultzatzen ditu, beraz, buruaren gaitasunendtzako entrenamendu modukoa da.

Azkeneko ikerketek ariketa erresistentzia programak ezarri dituzte eta azaleratu dute funtzio exekutiboan eta abiaduraren bizkortzean hobekuntzak dakartzala. Berri pozgarria, beraz, mota honetako gaixoen tratamenduan. Izan ere, dementziari aurre egiteko beste terapia garrantzitsuekin batera gaixotasunaren garapena geldituko ez badute ere, moteldu egingo dute.