“Encartados” aurkeztera gatoz, dementzia edo kalte kognitiboa duten pertsonei egokitutako karta-joko gida bat, bereziki, familiartekoei eta zaintzaileei zuzendurikoa. Javier Sanchezek (Navarrabiomed-eko Neuroepigenetika Ikerketa Taldeko kidea) eta Laura Morenok (Josefina Arregui Klinikako neuropsikologoa) sortua.
Adituek, tratamenduaren parte bezala, estimulazio kognitiboa lantzea gomendatzen dute. Gaur egun ez dago dementziak sendatzen dituen tratamendurik. Helburua gaixotasun hauen berezko garapena moteltzea eta bizi kalitatea hobetzea da.
Estimulazio kognitiboa lantzeko era asko dago, pertsona bakoitzari eta bere inguruneari egokitzea da gakoa. Gida hau proposamen bat da, zeinetan aisiari lotuta dagoen eguneroko tresna bat aukeratu den: kartak.
Hainbat joko motek osatzen dute gida: betiko zenbait joko tradizionalek, beste joko klasiko batzuen bertsio erraztuek eta, zailtasun maila anitzak izanik, gaitasun kognitibo jakinak lantzeko espresuki sortutako jokoek.
Azpimarratzekoa da jokoaren bitartez betetzen diren beste funtsezko helburu batzuk direla, batetik, pertsona hauek bere zaintzaile eta ingurukoekin duten harremana hobetzen saiatzea eta, bestetik, denbora modu emankorrean pasatzea. Honek haien ongizatea hobetuko du. Oinarrizkoa da kalte kognitiboa duten pertsonak eta bere zaintzaile edo gertukoek estimulazio jarduerak egiten gustura egotea.
www.encartados.com web orrian gida debalde eskuratu daiteke PDF formatuan. Inprimatuta eta koadernatuta ere eros daiteke kostu prezioan (8,5€, egileek ez dute irabazirik lortzen) Iruñeako Ulzama dendan (Iturrama kalea, 9). Horretaz gain, web orrian joko batzuen bideo erakusleak eta balorazio inkesta bat jarri dira. Jolas dezagun!