Askotan, gure lan ibilbidean, mendekotasuna duten pertsonak zaintzeagatik gehiegizko karga duten senideekin edo zaintzaileekin egiten dugu topo; egoeraz jabetzen ez diren senide eta zaintzaileak. Gehienetan kontua ondo hasten da; asmo onarekin, laguntzekoarekin, gure pertsona maitearen arretaz arduratzekoarekin; ez dugu besteengan gehiegizko kargarik ezarri nahi, izan ere, beste egitekoak, lana, familia, etab. ere badituzte. “Guk denbora libre gehiago daukagu -pentsatzen dugu- eta egoeraz kargu egin gaitezke”.
Egunerokoa dator gero, eta nahi izatea aski ez denaz ohartarazten gaitu; edo ez dela berdin ondo egitea, ondo zaintzea, edo “ahal dugun moduan” egitea. Egun oroz tentsioa sentiarazten diguten momentuak bizi ditugunez, nola konpondu ez dakizkigun zalantzak sortzen zaizkigu: Ondo ariko naiz? Niregatik ote da horrela tratatzen hasi zaidala? Zer ari da gertatzen? Geroz eta urduriago nago, gaizki egiten dut lo...
Gure buruak baietz esaten jarraitzen du, ahal dugula, gure konpromisoa dela, baina ebaki bat zabaltzen hasten da; egin behar dugula uste dugunaren eta gure emozioen arteko ebakia. Gure emozioak iragartzen hasten dira zerbait ondo ez dabilela, eta ez dakigu egoera nola konpondu, batzuetan bizitzen ari garenaz kontziente ere ez gara. Hau da laguntza eskatzeko momentua. Izan daiteke kanpotik norbaitek esan izana eta guk ikusi nahi ez izatea. Garrantzitsua da maite gaituztenek ematen dizkiguten aholkuei kasu egitea.
Laguntza jasotzeko modu asko dago: gaixoarekin ordu beteko paseo bat ematera etortzen den familiartekoarena, goizetan gaixoaren garbitasuna egitera etortzen den profesionalarena, zentro espezializatuarena, non gure senidea zainduko eta estimulatuko duten guk etxeko lanak egiten ditugun bitartean, kafe bat hartzen dugun bitartean edo gimnasia klase batera joaten garen bitartean. Honek guztiak zaintzaile rola hobeto garatzen lagunduko digu, eta guri eta gure gaixoari on egingo dio.
Zaintzaile guztiak, erne! Laguntza eskatzeko momentua noizbait iritsiko da, eta egiteak ikuspuntua zabalduko digu eta gure zaintzak hobeak bihurtuko ditu.