65 urte baino gehiago dituzu eta erori egin zara noizbait? Agian, artikulu hau irakurri beharrean zaude

kolaboratzaileak

65 urte baino gehiago dituzten pertsona nagusien %30a urtero erortzen da, eta portzentajeak %50era egiten du gora 80 urtetik gorakoenetan. Horien guztien artean %30ak ondorio nabarmenak izaten ditu, besteak beste, autonomia galera. Baina erortzeak saihestu eta prebenitu daitezke. Nola?

Lehenengoz erortzen zarenean edo sarritan erortzen bazara, Geriatrian espezialista den mediku bati aholkua eskatu beharko zenioke. Berak erortze horien zergatien azterketa sakon bat egingo du. Zergatiak izan daitezke: botiken zeharkako kalteak, tratamendu kronikoen ondorioak, erorketa baten moduan azaleratzen den gaixotasun berri bat, muskulu-masa galtzea, tentsio arterial baxuegia izatea, edo, diabetesa daukaten pertsonengan, azukre gutxiegi izatea. Zenbait kasutan erorketa bat arazo kognitibo baten iragarpen bat izango da. Horrela bada eta goiz atzematen bada, garapena motelduko duen tratamendu bat jartzeko aukera egongo da.

Eta erortzeak arrastoak utzi badizkizu? Eta erori baino lehen egiten zenituen jarduera guztiak egiteko gai ez bazara orain? Garrantzitsuena lehenbailehen ekitea da. Kasu hauek zaintzeko eta galdutako autonomia berreskuratzeko Osatze Funtzionalerako Unitate bakarra dago Nafarroan. Hau 2017ko urrian jarri da martxan Josefina Arregui Klinikan, non gaitasun anitzak lantzeko jarduera fisikoa egiten den (erorketak murrizten dituela zientifikoki probaturik dagoen jarduera bakarra). Fisioterapeuta batek eta Terapeuta Okupazional batek zuzentzen dute, eta Geriatrian espezialista batek erorketen arrazoien balorazio bat egiten du, tratamenduak egokitzen ditu eta, ahal den heinean, berriro ez erortzeko argibideak ematen ditu.