Jean-Jacques Sempé

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2013ko abe. 20a, 06:00

Sempé izena entzutean beharbada ez duzue jakingo nori buruz ari naizen, baina munduko komikigilerik famatuenetarikoa da eta ziur nago bere lana ezaguna duzuela. Bere komikirik famatuena 1950. hamarkadan (1959) marraztu zuen: Le petit Nicolas edo Nikolas Txikia euskaraz.

Burdeosen 1932. urtean jaioa, eskolan arrakastarik izan gabe, ezin izan zituen posta zerbitzuan, bankuan edo tren zerbitzutan lan egiteko azterketak pasa. Azkenean hortzak garbitzeko pasta atez ate edo txirrindula gainean ardoa salduz ibili zen 1950. urtean soldaduska egitera bere burua aurkeztu zuen arte. Bere hitzetan, militarrak ziren lana eta ohea eskaini ahal zioketen bakarrak bere lanbideetarako gaitasun falta zela eta. Zenbait arazo izan ondoren behin baino gehiagotan guardian zegoen bitartean marrazten egoteagatik, handik ere bota egin zuten eta Parisera joan zen bizitzera.

Parisera joan zenetik, beti bizi izan da Saint-Germain-des-Prés auzo ezagunean. Gutxinaka-gutxinaka arrakasta biltzen joan zen bere lehenengo lanekin eta 1952. urtean Carrizey egile berriendako saria irabazi zuen.  Akuarelaz eginiko margolanak egiten zituen, hitzik erabili gabeko marrazki komikoak. Bere mezua zuzenean irakurlearengana arazorik gabe iristea lortzen zuen.  Naiz eta bere marrazkiak oso sinpleak izan, gauzak adierazteko erraztasun ikaragarria erakutsi zuen bere lanetan eta horregatik izan du beti arrakasta.

Saria jaso ondoren, aldizkari ezberdinetan bere lanak agertzen joan ziren, ala nola Punch, Paris-Match, Cristal, L’Express, Triunfo edo Die Woche. Marrazkiez gain, New Yorker aldizkariarendako azalak ere marraztu izan ditu. Poesia liburuak eta guzti apaindu ditu bere ibilaldi artistikoan zehar.

Aurreko zutabean Asterix eta Obelix-i buruz aritu ginen eta oraingoan ere nolabaiteko erlazioa dugu Asterix-ekin. 1959, urtean, René Goscinny (Asterix-en gidoilaria eta aita) ezagutu eta Le petit Nicolas komikia marraztu zuen Sempé-k Goscinny-ren gidoiarekin. Sekulako arrakasta lortu zuten berehalakoan.
Bere bibliografia oso zabala da, ezin laburbildu zerrenda batean.  Oraindik ere lanean jarraitzen du eta aurten argitaratu du Le petit Nicolas-en azkeneko albuma. Nikolas Txikiari buruz ehun liburu inguru izango ditu argitaratuta eta telebistan marrazki bizidun saio bat eta pelikulak ere egin izan dituzte Nikolasi buruz.


Olentzerori eska diezaiokegu azkeneko Nikolasen komikia aurten edo Sempé-k duen ilustrazio bildumetako bat edo beste, guztiak baitira paregabeak.