BONE

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2014ko api. 4a, 06:00

Aspaldidanik ez dut nerabeei zuzenduriko komikirik irakurri, ez berririk behintzat.

Honekin esan nahi dudana zera da, nerabe nintzela irakurritako komikiak askotan berrirakurri ditudala, baina ez niretzat ezezagunak diren nerabeei zuzendutako komikiak. Hala ere, mota honetako komiki berri bat irakurri behar izan dut Iruñean dugun komiki tertulian eztabaidatzeko, eta tertulian askotan gertatzen zaidan bezala, sorpresa pozgarria izan da komikia ezagutzea.

Komikiak BONE du izena, eta formatu ezberdinetan argitaratu izan da. Jatorrian, Estatu Batuetan argitaratua da, hortaz, hango formatua izan zuen, orrialde gutxiko aldizkari modukoa, baina izandako arrakastak beste formatu zainduagoak erabiltzera animatu zuen egilea. 10 azal gogorreko liburuxkatan banatua edo ale bakarreko luxu liburu bezala ere (1000 orrialde baino gehiago) aurki daiteke.

Egileak, Jeff Smith, bere proiektu pertsonala aurrera eramateko argitaletxe bat sortu zuen: Cartoon Books. Bertan argitaratu zuen BONE, lasaitasunez eta presiorik gabe. Zenbakiak sortzen zituen heinean argitaratzen zituen, argitaletxeek jarritako daten presiorik gabe, eta nahiz eta aldizkakotasun finkorik ez izan, abenturak aurrera egin zuen gutxika gutxika, 1995-2004 urteen artean, Eisner eta Harvey sari piloa irabazten zituen heinean. Berez txuri beltzean marraztu arren, 2005. urtean kolorezko edizioa ere sortu eta argitaratzen hasi ziren.

BONE argitaratu ondoren, Jeff-ek, beste zenbait gauza ere argitaratu ditu, beharbada ezagunena eta gure eskuetara iritsi dena, RASL izeneko komikia da, gaia nahiko ezberdina duelarik.

BONE komikiaren edukiak berez ez du inolako originaltasunik, askotan ikusitako abentura komikia da. “Eraztunen Jauna” liburuen ildoa jarraituz, pertsonai bitxi batzuen abenturak deskribatzen ditu. BONE izeneko izakiak dira pertsonai bitxi hauek, eta nahi gabean, bere mundua alde batera utzita, pertsonak, munstroak, dragoiak eta izpirituak dauden mundu batean murgiltzen dira. Komiki guztietan zehar, beren etxerako bidea deskribatzen da. Fantasiazko road movie honetan, lagun berriak eginez abentura ikaragarriak bizi dituzte, beti humorez zipriztindurik.

Komikia bi gauza direla eta gomendatuko nuke.Batetik, pertsonai ezberdinek duten pertsonalitateak sortzen dituen umorezko egoerak ederrak iruditzen zaizkidalako, umore fina benetan, hala nola, munstro eta protagonisten artean. Bestetik, nahiz eta marrazkigileak argi erakutsi paisai eta pertsonai eder eta konplexuak marraz ditzakeela, xinpletasunarekin ere adierazkortasun ikaragarria lortu dezake, eta horri, maisulana deritzot.

Laburbilduz, duen xinpletasunak eta umoreak bildu egiten zaitu, ipuina nola bukatzen den jakin nahi duzula, nahiz eta bidean zenbait ataletan zati ahulak ere aurki ditzakegun.