Askotan saiatu naiz komikiak adierazpen modu bat besterik ez direla azaltzen, komikiak ez direla berez haurrei zuzendutako aldizkaritxoak. Baina adierazpen modu aberatsa izanik, baditugu haurrei zuzendutako komikiak ere, noski, adin guztietarako eta ugari. Berez beti hitz egin izan dut helduendako komikiei buruz zutabe honetan, baina uda garaia datorrela eta haurrak denbora asko izango dutela, hona gomendio batzuk.
Komikietara hurbiltzeko lehenengo urratsa, normalean, marrazkidun ipuinak dira. Haurrak txikiak direnean ez dute ulertzen orrialde berdinean bineta ezberdinak egotea, ez dute ulertzen protagonista orrialde berdinean bi aldiz agertzea. Pertsona ezberdinak bezala uler ditzakete eta horregatik, haur txikiendako liburuetan, marrazki bakarra egoten da orrialde bakoitzeko. Adibide bezala “Buenas noches, gorila” izan daiteke 0-4 urtekoei zuzenduta.
Zertxobait landuago baina antzeko ideiarekin, “Tom y el pájaro” komikia dugu. Jada binetaren bat gehiago ager daiteke orrialde bakoitzean, baina marrazkiak mugimendu askorik gabe eta ideia abstraktuak erakutsi gabe agertzen dira. 5-8 urteko haurrentzat zuzenduriko ilustrazioak.
Bost urte baino helduagoko haurrendako Jacques Duquennoy-ren mamuen ipuinak ditugu. Liburu ugari idatzi ditu mamutxoak protagonista direlarik: “Los fantasmas en el sotano”, “Los fantasmas en el lago Ness” edo “Los fantasmas y la bruja” adibidez. Ekintzak deskribatzen dira marrazkietan, ez dira irudi estatikoak, marrazkiak interpretatu egin behar dira eta orrialde bakoitzeko akzio sekuentzia ezberdinak ditugu, non irakurleak akzioaren jarraitutasuna landu behar duen. Beti ere humorez, haurrei mamuen irudiaren eta komediaren nahasketa asko gustatzen baitzaie. Sei urtetatik aurrera ere gomendatuta.
Helduagoentzako jada, “¿A qué sabe la luna?” liburua dugu. Bertan animalien elkarlana deskribatzen da eta haurren kolaborazioa eta solidaritatea lantzeko oso polita da.
Bukatzeko, Jeff Smith-en “Ratoncito se viste” liburuxka ere gomendatu nahiko nuke. Jeff Smith-i buruz aurrekoan hitz egin ondoren, -bere BONE kontakizunari buruz hain zuzen ere-, oraingoan haurrendako kontakizuna dugu “Ratoncito se viste”. Bertan haurrei nola jantzi azaltzen die sagutxo txiki batek, pausoz pauso arropa bakoitza nola jarri behar den, modu ordenatu batez. Liburuak, estruktura konplexuagoa du, baina hala ere azalpenak emateko modua sinple eta erraza da, haurrek ulertzeko modukoa. Liburuaren bukaerak ziur ustekabean harrapatuko zaituela.