Kurtso hasiera honetan zeri buruz idaztea oraindik garbi ez neukala, antzinako garaiko komikiak besterik ez zitzaizkidan gogora etortzen. Nire adineko jendeari, noizean behin gazte garaiko kontuak burura etortzen zaizkigu. Flashback hauen barruan, nola ez, gazte, nerabe eta haur garaiko marrazki bizidunak, komikiak eta bestelakoak ere izaten dira. Zenbait lagunekin afari batean edo garagardo bat edaten zaudela aspaldiko telebista programak gaur egungoak baino hobeak zirela askotan esaten dugu, zahartzaroan gutxika sartzen garen seinale.
Gaurko marrazkiekiko konparaketak alde batera utzita, edo eta aspaldikoak izanik, gaur egun oraindik ere asko irakurtzen diren serieak kontutan hartu gabe (hala nola, Dragoi bola, Asterix, Mortadelo edo beste klasikoren bat), gure gogoan ditugun zenbait manga telesailei buruz arituko naiz.
Eskolako eta ikastolako patioetan futbolera jolasten geundela, ikaskideek gure telebista saileko pertsonaiak ginela imajinatzen genuen eta beraien futbol tekniken izenak ozenki esanez, baloiari ostikadak ematen genizkion ahalik eta indartsuen. Kirolen arloko marrazki bizidun haiek “Campeones” izenez itzuli zituzten Tele5-n baina berez, “Capitan Tsubasa” izena zuten. Nork ez ditu gogoratzen, kilometroak zituzten futbol zelai haiek, hamar metro baino gehiago salto eginez ematen zituzten pilotakadak eta nola, noizean behin ere gola egin ondoren, baloiak ate-sarea zulatzen zuen. Batzuek Oliver, beste batzuek Benji eta gaiztoenek, Mark Lenders izan nahi zuten. Kuriositatez, Oliver Bartzelona futbol taldean jokatzen ari dela bukatzen da seriea.
Garai hartako mangaren indarrak euskaratzera ere bultzatu zuen. ETB-n zenbait serie ikusteko aukera izan genuen. “Arturo erregea” denbora gutxiz ibili izan zen, baina gogoz ikusten nuen ere. Bertan Arturo erregearen kondaira, irudi mitologiko eta fantasia askoz apainduta azaltzen zitzaigun.
Mundu epikoa alde batera utzita, eta umorearen sailean sartuz, nork ez ditu gogoratzen “Lamu estralurtarraren” abenturak (ETB-n ere euskaraz), lehoinabar bikinia jantzita, “chicho terremoto” saskibaloi jokalari txikia, erdaraz soilik ikusteko aukera izan genuena baina guztiongan aztarna nabaria utzi zuena (¡tres puntos colega!) edo “Ranma 1/2”, non Ranma izeneko mutila, sorginkeria baten ondorioz, ur hotzetan bustitzean neska bihurtzen den.
Azkenik, eta Miyazaki-rekiko dudan miresmena azpimarratzeko, “Sherlock Holmes” txakur detektibearen abenturak ere gogora ekarri nahi nituzke. Orain dela gutxi, serie osoa dvd-an erosteko aukera izan nuen, baina ez naiz ikusten ausartu. Txikitan oso gustuko nuen seriea eta orain ikustekotan niretzako duen xarma galduko duenaren beldurrez apalategian gordeta dago.
Bateadores, Dr Slump, Doraemon, Caballeros del Zodiaco, Heidi, Willy fog, Comando G, Ulises, Sailor Moon, Mazinger Z… guztiei buruz ezin hitz egin! Eta hau guztia gogoratuta, beharbada telebista aurrean denbora gehiegi ematen genuela etorri zait burura.