Dorama

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2014ko urr. 31a, 06:00

Manga izeneko komikiak eta anime izeneko marrazki bizidunak oso harrera ona dute Japonian. Hori denok dakigu jada. Eta zer gertatzen da, herrialde batean zerbaitek arrakasta duenean? Mota askotako produktu ezberdinak sortzen direla horren inguruan.

Japonian manga edo anime batek arrakasta duenean, bideojoko, pelikula eta bestelakoak sortzen dira berehalakoan, eta baita niri bitxia iruditu zitzaidan beste produktu bat ere, Dorama.

Dorama-k telesailak dira berez, hau da, benetako aktoreekin egindako telenobelak. Ingelerazko drama hitzetik dator, baina Japoniar grafiara itzultzeko dituzten idazkera lege eta arazo fonetikoengatik, dorama esaten da Japonian.  Normalean ez dute manga eta animean jatorria, maitasun, beldur edo bestelako telesailak dira, oro har gidoi originalak dituztelarik. Beste herrialdeetan ere ezagutzera eman dira, eta Japoniako kulturaren zaleek dorama hitza mantendu dute telesail mota hauek deskribatzeko.

Japoniako telebista guztiek ekoizten dituzte doramak eta kate bakoitzean gai zehatz bat jorratzen dute. Dorama batek 8 eta 16 kapitulu bitarteko luzera du gehienetan, eta arrakasta izatekotan kapitulu berezi bat egiten dute amaiera bezala. Urtean lau denboraldi daude doramak ikusteko, hiru hilero denboraldia aldatzen delarik. Hor ditugu neguko denboraldia (urtarrila eta martxoa bitartean), udaberrikoa (apirila – ekaina), udakoa (uztaila – iraila) eta udazkenekoa (urria – abendua).

Ez dira kalitate oso oneko telesailak, eta diru gutxi erabiltzen da kapitulu bakoitzeko. Ohikoa da ordea, Japonian momentuan arrakasta izandako abeslari, aktore edo jende ezaguna agertzea. Normalean, gainera, abeslari famatuek doramen hasierako eta bukaerako kantak egiten dituzte, idoloek botere asko baitute gizartean –batez ere gazteen artean--. Eta oso ohikoa da ere dorama baten kapitulua, telebistan ikusi baino bizpahiru aste lehenago grabatzea. Zaleek beraz, telebistan seriea ikusteaz gain, handik hilabete eskasera ikusiko dutena nola grabatzen duten ere ikusi dezakete estudio batean edo kalean, non grabatuko den baldin badakite.

Mangaren inguruan, dorama asko egin dira, komikiak arrakasta duenean. “City-hunter”, “Dr Jin”, “Death note”… niri barregura sortzen zait hauek ikustean, ez zaizkidalako komikiaren kalitatearen pareko iruditzen, baina komiki baten zalea bazara, oso entretenigarria deritzot bere dorama ikustea, Japonian pizten duten zaletasuna ulertzeko.

Bitxikeria bezala, “Perfect blue” pelikula zoragarrian (Satoshi Kon, 1997) mundu bitxi honen deskribapena egiten da. Abeslari famatu batek bere musika taldea utzi eta aktoresa moduan dorama batean lanean hasten da. Filmean rol ezberdinak ikusi daitezke, batez ere, zaleen papera, non abeslariaren atzetik bere eguneroko bizia jarraitu, doraman grabazioak ikusi, seriea telebistan ere ikusi eta musika kontzertuetara doazen batzuk burua galtzen duten ere thriller psikologiko honen gidoiaren ardatza diren.