Ixa ASAP! Iruñeko Udalak saritutako elaberritxoaren zati bat hemen jarriko dut, nolako ipuina den ikusteko.Os dejo una muestra del cuento Ixa ASAP! que galardonada por el Ayuntamiento de Pamplona, para que veais un poco cómo es.Aitzaki bat prest dut beti, baina atzokoa benetako arazoa izan zen. Inork ez du dirutan ordaintzen informatika denda batean, eta txartelaz ordaintzeko aparailua izorratzen bada denda itxita izatea bezalakoa da.
- Datafono hau?
- Bai.
- Aurrean duzuna?
“lelo alena, ez al duk ikusten baietz?”
- … Bai.
- Konpontzea lortzen badut, joango al gara garagardo bat edatera?
Keep Calm and THINK! Arriskua nabaria zen, horrelako harroputza ez zuen ahoberokeriarik botako, ala bai? Baina egun osoan ibilia nintzen aparailua izorratua eta jada ez nuen inolako itxaropenik. Eta egia esateko, garagardo bat edateko irrikan nengoen.
- Noski Koldo, noski.
Hura izan zen nire hordagoa, eta baita nire porrotaren preludioa. Koldo datafonora lasai gerturatu zen eta ezker eskuarekin hartu. Linea dakarren kablea eskuinarekin harrapatu zuen. Ni irribarrez desafio egin nion. Lehen konprobatu nuen gauza zen hura, ea kablea datafonora ondo konektatua zegoen. Spaghetti Western modukoa zen hura, Koldo gaizkilea bere bi eguneko bizar zikina aurpegian datafonoarekin ni mehatxatuz, eta ni herrialdeko sheriffa aukera guztiak errepasatuz: bateria ok, bankuarekin kontratua ok, telefono zerbitzua ok, internet ok. Koldok ordea, zabalagoa bueltatu zidan irribarrea eta kablea biltzen hasi zen. Ezinezkoa!
“Ezinezkoa, ez al da izango orduan…” Eta momentuan, lehenengo izerdi hotz tantak nabaritu nituen bizkarrean nire kamiseta korporatiboa bustiz. Gure erronkan Koldok aukera bat zuen, baina ezin liteke…
- Tira Ixa, kaña bat zor didazu, hemen duzu arazoa nire ustez. Kablea ez dago konektatuta.
Perpausa aurpegira bota zidan, hitz bakoitza gozatuz, eskuin eskuaz paretan finkaturik behar zuen kablearen beste punta eskaintzen zidan momentuan.
Hura bai lotsa! Momentuan gorritu nintzen, gorputzeko odola guztia aurpegian bildu zitzaidan ia konortea galdu arte. Gauzak erakusteko dendan ditudan beirate guztiek nire ile koloreak tomate aurpegia ikaragarri nabarmentzen zuela esaten zidaten ozenki eta urduritasunak jota ez nintzen gai izan beste aitzakia bat asmatzeko. Segurtasun gehiegi nuen soinean eta “mutil alprojak alde batera uzteko mila eta bat aitzakia” nire gida aspaldi ez nuela errepasatzen.
Tabernan geundela lehenengo garagardoa trago bakarrez edan nuen. Gustuko dut garagardo hotza, eta atzo benetan behar nuen. Egun luze eta zaila izan zen, eta aurpegian sumatzen nuen erradiadorea itzaltzeko eskura nuen modua suertatu zitzaidan garagardoa.
Baina beharbada azkarregi edan nuelako, edo edan aurretik ezer jan ez nuelako edo oso hotza zegoelako, edo nork daki! beharbada, agian, apika, teoria hutsa besterik ez da noski, hamar edo hamabi garagardo inguru edan nituelako, txoratzen hasi nintzen, (zenbatzeko abilezia eta memoria galduz noa esponentzialki edaten dudan einean, medikura jo beharko nuke?). Koldo, jator eta guzti sumatzen nuen jada, berba interesgarria, nire gustuko gaiak landuz (nire gustukoak = zombiak, java, arduino, plaka base, DoS, Annonimous… bai, ez duzue ezer ulertzen, badakit, ez iezadazue kontutan izan), eta ze demontre, ondo pasatzen hasia nintzen. Aurreko ehun eta hamasei porrotetan landutako estrategia fina aurrera zeraman ni konturatu gabe.
Ez nintzen momentu hartan arduratu baina bere besoak nire gerria biltzen zuela konturatu nintzen. Defentsak desaktibatuak nituela konturatu eta ingurua eskaneatu nuen nire burmuinean parrandan ez zeuden hiru neurona bakarrekin. Ez nuen zer gertatzen ari zen ulertzen. Hogei garagardo inguru mahaian, erdiak + 1 nireak, Koldoren eskuineko eskua nire gerrian eta grabitazioaren lege unibertsalak bultzatuta ziurrenik, tanga edo kuleroak neramatzan aztertzera behera egin zuen trakets.
Beren garantia agortua egon zitekeen edo litekeena da nik garagardoari trago bat ematea, eta momentuan, Plof! Bi neurona sano aldi berean pikutara, bat besterik ez ni defendatzeko. Koldok alde ilunean ikasitako JEDI abileziaz baliatuta indarrean perturbazioa nabaritu zuen, eta inolako erreparorik gabe eraso egin zuen zuzenki. Baina Ixaren neurona bakarra nahikoa da IAMA martxan jartzeko (Ixaren Autodefentsa Mekanismo Automatikoa). Ezkerreko titia ukitu zidan momentuan bost arrazoi boteretsu eman nizkion aurrera jarraitzekotan izango zituen arazoak azaltzeko. Nire eskuineko eskuaren behatzek utzi zituzten bost markei buruz ari naiz noski, aztarna garbia inprimatu nuen bere ezker masailean. Eta Dolby Surround 5.0 ikaragarrizko soinu efektuarekin tabernako musikak isilune bat egin zuen momentu zehatzean.
Lotsatuta, nire aurpegia semaforo baten argi gorria bezala piztu zen berriro. Taberna horretan ezagutzen naute (zera… ninduten, ninduten da perpausaren aditz-aldi egokia) eta handik ihes egiten nuen bitartean nire izenarekin nahasten ziren algarak eta txalo zaparradak saihestu behar izan nituen. Nire mozkorra nire berokiarekin taberna barruan geratu zen, baina kalte gutxi deritzot berokiaren galtzearena halako lotsa berriro ez pasatzearen truke.