Tradizio ugari ditu ere, bere historian zehar garatutako zenbait gertaera edo sineskeratan jatorria dutelarik. Hona hemen, laburpen txiki bat:
1.- Tanabata:Aspaldian, Orihime printzesak, ehun zoragarriak ehuntzen zituen Zeruko Errege zen bere aitarentzat. Baina ez zuen denborarik gizon bat ezagutu eta ezkontzeko eta bere aitak, Hikoboshi artzaina aurkeztu zion. Guztiz maitemindu egin ziren. Maitasunak itsututa, denbora gehiena batera iragaten zuten eta arreta gutxiago jartzen zion Orihime-k ehuntzeari, eta Hikoboshi-ren animaliak ere galduta zeuden zeruan. Horregatik, aita haserretu eta Amanogawa errekaren bazter ezberdinetan banatu zituen, betirako. Alaba, negarrez, azkeneko aldiz bere gizona ikusteko eskatu zion aitari, eta aitak, hunkituta, bere lana bukatu ondoren, urtean behin Hikoboshi ikusiko zuela zin egi zion.
Uztailaren 7an ospatzen da Japonian. Paper luzeetan bertso forma duten eskaerak, gurak eta nahiak idatzi egiten dira eta banbu zuhaitzetan eskegi. Batzuetan, errekatara ere jaurti egiten dira edo gauean su eman paperei zerura joateko. Japoniako familia batekin ospatu nuen behin, Tokion, eta beti irribarre eginez gogoratzen dut tradizio hau.
2.- O-bon: 500 urte inguru besterik ez dituen tradizioa da, baina ala ere, Japoniarrendako garrantzitsuenetarikoa gaur egun! Esan ohi da, beste mundu batean dauden hildakoak, egun batzuk beraien familia eta lagunekin igarotzera etortzen direla gure mundura. Ospakizun hau oso hedatua dago eta hilerri eta etxe gehienetan ospatzen da. Baina ez pentsa tristuraz edo beldurrez ospatzen dutenik, topaketa alai eta positiboa da. Familia eta lagunak ikusi, dantza egin, jan, edan eta batera pasatzeko aprobetxatu egiten dute, bizi eta hildakoak, denak batera. Tokion Uztailan ospatzen da, baina beste toki batzuetan antzinako ilargi-egutegia jarraituz data aldatu daiteke. Ospakizunetako egun bakoitzak esanahi berezia dauka eta gauza ezberdinak egiten dira, ala nola, jaki bereziak, linternak gauetan, prozesioak…
3.- Hitobashira: Azkeneko tradizio hau, kondaira ilunagoa du oinarri. Itzulpena “giza zutabeak” izan liteke, eta jatorria oso antzinakoa dugu. Garai hartan, gizakiak sakrifikatu behar zirela uste zen, eraikuntza bat sendo eta betirako babestuta egon zedin. Sakrifizioak egiteko, gizakiak bizirik lurperatzen ziren zutabeen barruan. Jainkoek eskaintza onartzekotan, eraikuntza belaunaldi ugari zutik iraungo zuen eta hildako gizajoaren mamua, betirako geratuko zen espetxeratuta pareten artean. Zorionez, gaurko arkitektoek ez dute horrelakorik egiten.