Japoniako kulturan, ohizkoak dira mamuak, izpirituak eta jainkoak. Eta horrela izanda, erraz asko ere sortzen dira kondaira berriak, gertakizun xume bat ahoz aho eraldatuz, kontakizun sinesgaitz bihurtzen den arte. Zoritxarrez, gure mundu osoan hedatuta dagoen kultura matxista dela eta, kondaira hauen protagonista gaiztoak emakumeak dira, emea beti mendekati eta gorrotoz betetako izaki bihurtuz. Hona hemen bilduma txiki bat.
Kuchisake-onna
Aitzinean samurai baten emazteak adarrak jarri omen zizkion behin baino gehiagotan, eta gizonak mendeku bezala, masailak moztu zizkion emakumeari bere “irribarrea” luzatuz belarri batetik bestera, inork gehiago maite ez zezan.
Geroztik, kale ilunetan dabil Japonian ohikoak diren maskara bat ahoan jarrita. Eta emakume gazteei galdera berdina egiten die beti aurpegia agertu gabe. Ederra al naiz? Begi politak dituenez, lehenengo erantzuna beti baiezkoa izaten omen da; baina, ondoren, maskara kendu eta berriro galdera bera egiten du. Pertsona izutu egiten bada, bigarren galderari ezetz erantzuten badio edo ihes egiten badu, guraize handi batuk erabiliz, gazteari ere ahoa moztuko dio belarri batetik besteraino. Lasai asko bigarren galderari ere baietz erantzuten bada, alde egiten uzten zaituela esaten da.
Teke-Teke
Kondairak dioenez, ikaskideek askotan bere lepotik barre egin ondoren, eta haien isekak atzera utzita korrika edo nork daki, behar bada ikaskideek bultzatuta, trenbidera erorita hildako neska gazte baten izpiritua da teke-teke delakoa.
Trenak, bere gorputza erditik zatitu eta gerritik behera ez du ezer ere ez. Hankak galdu ondoren, bere eskuen gainean ibiliz mugitzen da, eta ibiltzean “teke-teke” delako soinua egiten du lurraren kontra. Neskak, sega bat darama gainean, eta gauez harrapatzen bazaitu, zu ere erditik moztuko zaitu, gizartearekiko mendekua bezala.
Hanako-San
80. hamarkadan jaiotako kondaira dugu. Berez jatorria ez da oso zehatza, ez dakigu zein den Hanakoren istorioa. Baina bertako kultura eta gazteen arteko heriotzen estatistikak kontuan izanda, posibleena, eskolako komuna batean bere buruaz beste egin zuen ikasle baten kontakizuna izatea da.
Japoniako eskoletan bizi den gazte itxurako mamua da Hanako (“San”, Japonian haurrei izenetan jartzen zaien atzizkia da). Eskolako hirugarren pisuan, nesken hirugarren komunean ezkutatzen da, eta komuneko atea 3 aldiz deitu ondoren agertuko zaizu, gona gorri batez jantzita eta pertsona ausartena beldurtzeko gai den begirada hotza duelarik.