Egilea: Riad Sattouf
Argitaletxea: Salamandra Graphics
Komikiak Angoulemeko saria aurten jaso duela jakiteak ez nau harritu. Ez ezazue pentsa aztia naizenik. El árabe del futuro komikiak, azken urteetan Angoulemeko saria jaso duten komikien osagai guztiak dituela esan nahi nuen. Hori gutxi balitz, beste zenbait sari garrantzitsu ere jaso zituen aurretik, eta 200.000 aletik gora saldu ditu Frantzian.
Satrapi-ren ildotik jarraituz, egileak bere txikitako biografia eskaintzen digu liburuan. Zatika hori bai, eta orain bigarren alea argitaratu arren, nik, lehenengo zenbakiari buruz soilik hitz egingo dut, Riaden gurasoak ezagutzen direnetik, 6 urte bete zituen arte gutxi gora behera. Bertan, inuxenteki baina gauzak gordinki azalduz, Siria eta Libiako gizarteak aztertzen ditu.
Riad txikia, bere aita Siriakoa izan arren, ama frantsesak oparitutako aingeru itsurako ilehori luzeaz baliatuta, mundu guztia zuen liluratuta Frantzian. Bere gurasoak, Libiara aldatzea erabaki zuten arte. Kontakizun guztian zehar, Riaden aita agertzen zaigu erabaki guztiak hartzen dituen pertsona bezala. Ez dakit bere haur ikuspuntua dela eta izango den, baina arraroa egiten zait bere ama deskribatzeko modua, oso isila eta senarraren erabakiak eztabaidatu gabe.
Egilearen haurtzaroa aitzakia hartuta, Gadafiren lehen urteetako gobernuari buruz idazten da, haur batek duen ikuspuntutik eta gertatzen diren egoera gordinak marraztuz. Arazorik egongo ez balitz bezala baina, aldi berean, ezintasun gogorrak deskribatuz janaria lortzeko edo etxebizitza babesteko. Aitaren Gadafirekiko zaletasuna garbi geratzen da, nahiz eta Raidek bizitzeko modu hura gustuko ez izan.
Egoerak bultzatuta, azkenean Sirian bukatzen dute, aitaren jaioterrian, Frantziatik noizbehinka pasa ondoren. Siriako gizartea eta egoera soziala deskribatzen dira liburuaren bigarren zatian. Baina Frantzia du beti buruan Raidek, bere gustuko herrialdea bezala. Frantziatik alde egin behar duten bakoitzean, triste eta beldurrez egiten dute.
Oso interesgarriak dira familia arteko harremanak, haurren eta helduen izateko modua, legedian dauden trikimailuak zenbait gauza saihesteko... Adibide bezala, bertan agertzen zaigu etxe guztien zutabeak, beraien goiko aldean, bukatu gabe agertzen direla, barruko burdinak agerian dituztela teilatuan. Eta azalpena, etxe bat bukatzean, zerga berezi bat ordaindu behar dela da. Ondorioz, etxe guztiak bukatu gabe erabiltzen hasten dira, goiko aldea txukundu gabe. Eta honela, zerga hori ez da ordaintzen, trikimailu hutsa izan arren. Gizartearen adierazgarri dugu anekdota.
Ikuspuntu interesgarria mundu arabiarra ezagutzeko, egun ditugun informazio iturrien ezberdina eta zuzena, bertan bizi izan den haur baten eskutik.