Japoniako literaturak badu mundu osoan ezagunak diren idazle taldetxo bat. Murakami, Kenzaburo Oe edo Mishima izen ezagunak dira literatura gustoko duten irakurleendako. Baina, bost edo sei idazle ezagunenak alde batera utzita, Japoniako literatura ezezaguna da gehienentzat.
Elaberri beltzen munduan goiz murgiltzen hasi zen Japonia, Edogawa Rampo idazlearen eskutik. 1894. urtean jaioa, izen artistikoa bereganatu zuen "Edgar Alan Poe" idazlearen izena Japonierako fonetikara moldatzean. Benetazko izena Hirai Tarou zuen idazleak, eta idazlea izateaz gain, beste lanbide asko izan zituen aurrera egiteko.
Lehen idatziak astekarietan idatzen zituen, eta berehala lortu zuen arrakasta. Jendeak Ramporen elaberriak oso gustoko zituen. Kogoro Akechi detektibea dugu bere pertsonai famatuenetarikoa, gaur egun ere jendeak ezagutzen duen gizona, bere burua mozorratzen duen ikertzailea misterioak argitzeko.
Bestalde, eta egile modernoagoetara bidea eginez, Natsuo Kirino (benetazko izena Mariko Hashioka) idazlearen lana azpimarratu nahiko nuke. Rampo generoaren aita badugu, Kirinok liburu hunkigarriak idatzi ditu genero beltzaren inguruan. Rampok meritoa badu zaletasuna bideratu zuelako, baina lan asko sinesgaitzak eta fantasiaz beteak direla ere esan dezakegu. Kirinok, ordea, bere garaia ondo ulertuz, kritika latzak egiten dizkio egoera sozio ekonomikoari, jendea noraino iritsi daitekeen imaginatuz.
Gure herrialdean oso ezaguna izan da Kirinoren "Out" elaberria, non pertsonaia ezberdinak aurkezten zaizkigu japoniako gizartearen laginketa bezala. Japoniar jatorriko inmigrante brasildar bat, hipoteka eta kredituak itota dabilen emakume xahutzailea, besteen xoxak bereganatzen aberastu nahi duen iruzurgilea, bizian aurrera egiteko lanera itzuli behar duen alargun heldua, eta gure protagonista: erdi mailako emakume normala, gauez lantegi batean lanean diarduena eta senar erasotzaile batekin bizi dena. Emakumea dugu protagonista elaberrian, eta honek, Japoniako gizartearen ikuspuntu ezberdina eskaintzen digu, emakume idazle baten eskutik.
Nolabait, eta elaberri beltza dela ahaztu gabe, kostumbrista ere denez, oso erraz murgiltzen zara elaberrian. 90. hamarkadako japoniar krisi ekonomikoaren azalpena agertzen zaigu (gurearen berdina baina 20 urte lehenago). Eguneroko bizimodu xume eta ohikoa deskribatuko zaigu, guretzat batzutan guztik arraroak izango diren arren. Azkenik, azpimarragarria ere Japoniatik Brasilera joandako emigranteen semeen bueltatzea eta hauekiko arrazakeriaren arazoaren kontua, niretzat ezezaguna eta sekulako sorpresa izan dena.
Oso liburu erakargarria eta Japoniako kultura ezagutu nahi dutenendako goxoki gozo eta mingotsa aldi berean. Beraien kulturaren desmitifikazioa elaberri beltz eta hunkigarri baten barruan murgilduta.