Urteko lehenengo asteetan, beti Angulema datorkit burura. Ez dakienarentzat, Europako komiki topagunerik handiena bertan ospatzen da urtarrileko laugarren asteburuan. Angulema osoa buru belarri murgiltzen da komikigintzan, eta mundu osoko zaleak hurbiltzen dira Frantziako herri honetara. Zaletasuna edonon ikus daiteke egun horietan, arropa denda zein ile apaindegitan.
Programa ofizialaren babespean egiten diren ekintzen artean, nabarmenena behar bada, sari banaketa izan daiteke. Komikigintzaren munduan sari hauek garrantzi handia dute eta berez, urtero saritzen diren lanak erraz asko iristen dira gure denda eta liburutegietara edizio oso zaindua dutela. Baina saria irabaztea ez ezik, bertan izendatua izatea ere sari potoloa gerta daiteke.
Hori da gaurko komikiaren kasua, "Baleak ikusi ditut" izenpean Javier de Isusi egileak luzatzen digun lana. 2015. urtean izendatu zuten komiki hoberenaren saria jasotzeko. Ez zuen lortu baina nahikoa izan zen Europako zale askok Euskal Herriko gatazkan arreta jartzeko.
Komikian, erradiografia zabal bar aurkezten digu egileak arazoaren inguruan. Pertsonai ezberdinak aurkeztuko dizkigu, gizartearen laginketa ahalik eta zabalena eginez. Euskadiko apeza bat, noren aita ETA-k hil zuen ikaslea zen garaian, honen laguna eta ETA-kidea den gizona, ETA-ko presoen alderdi ezberdinak irudikatzen dituzten pertsonak, GAL taldeetako kide ezberdinak ere (non ikuspuntu ezberdinak ere agertzen zaizkigun GAL barruan), guzti hauen familiak eta lagunak... egia da zenbait kasutan klixe asko aurkituko ditugula, baina literaturan eta komikigintzan egiten den azaleko analisia baino aberatsagoa dela uste dut.
Pertsonen arteko harremanak aztertzen dira batez ere, kontakizuna berez oso xinplea da eta. Bi pertsonen arteko harremana noraino tenkatu daitekeen, guztiz ezberdinak diren bi pertsonak nolabaiteko harremana sortu dezaketen, pertsonen egoera eta ekintzek nola baldintzatzen duten bere familia eta lagunen bizimodua...
Marrazki eta margoen aldetik, Anguleman horren gustuko duten akuarelak erabili ditu Javierrek, eta aldi berean, binetak nahiko hutsik utzi ditu, xehetasunek irakurlearen arreta ez erakartzeko edo. Koloreak ere tonalitate nahiko laua du, grisak direlarik garrantzi gehien dutenak.
Asko erakarri ez nauen gauza bakarra, bukaeran egiten duen gehigarria da, ipuintxo baten moduko lauzpabost orrialde dituen liburuxka. Ez diot ez teknikan, ez kolorean ez eta narratiban inolako erlaziorik ikusten komikiarekin. Egileak berak, dudan jarri omen zuen hasiera batean istorioa sartzea, baina azkenean hor agertu zaigu.
Laburbilduz, lan ausarta egin du de Isusik berez zaila den gai bat landuz 80. hamarkadako bukaeran hasi eta gaur egun arte. Astiberri argitaletxearen zigiluarekin, bai euskaraz eta bai erdaraz lortu daiteke 18 euroren truke.