Bazen behin, Txinan, gure garaiko zazpigarren mende inguruan, Tai-tsung izeneko guda gizon bat. Bere herrialdea gobernu egonkorrik gabe, modu kaotikoan zihoan aurrera, jendeak egoera latzak bizi zituelarik. Gosea, indarkeria eta bestelako zitalkeriak egunero sufritzen zituzten gizon eta emakumeek.
Tai-tsung-ek boterea lortzeko guda hasi zuen Txinan. Baina guda guztietan bezala, sarraski basatiak izan ziren, eta Tai-tsung-ek ere pertsona asko hil zituen bere eskuekin eta milaka ere hiltzea agindu. Bere gerlariek Txina osoa konkistatu zuten, eta bukaeran, estabilitatearekin batera oparotasuna iritxi zen gizarte osora. Tai-tsung emperadore bihurtu zen 618. urtean, Tang Dinastia sortuz.
Baina Tai-tsung ez zegoen lasai. Bere ekimenean hildako pertsona guztiak burura etortzen zitzaizkion etengabe. Ezinegonak, batez ere gauez astintzen zuen enperadorea, hildakoen mamuak beregana etorriko zirelakoan mendekua bila.
Eta gau luze askotan zehar, lo egin gabe ibili zen Tai-tsung. Lo ezak, burua galtzeko arriskuan jarri zuen enperadorea, eta hori zela eta, azkenean, jakitun batengana jo zuten aholkulariek, haiek ere aholkuaren bila.
- Maixu, gure enperadoreak ezin du lorik egin. Lo ezak erotuko duen beldur gara, eta gure enpreadorea hiltzen bada berriro etorriko zaizkigu garai ilunak, boterea lortzeko guda hasiko baita berriz ere.
- Gure enpreadorea hildakoen mamuen beldur da. Mamuak gudan hildako gizonak dira, eta beraz, hauek uxatzeko, enperadorearen bi gerlari trebeenak bere logelaren ate aurrean geratu beharko dira erne, lotan dagoen bitartean.
Eta horrela egin zuten. Chin Chiung eta Yu-Chih Kung, gudan trebezia handiena erakutsi zuten gerlariek, enperadorearen logelaren atearen aurrean zutik eman zuten gau osoa. Eta enperadoreak berriro ere ondo lo egitea lortu zuen denboraldi batean. Egunero Ching Chiung eta Yu-Chih Kung gerlariek erne ematen zituzten gauak. Baina egunak aurrera joan ahala, bi gerlariak nekatzen asi ziren, haiek ere lo egiteko beharra sentitzen zutelako.
Bi gudariak guardia ezin egin zutela ikustean, enperadoreak berriro lo egiteko arazoak izan zituen, eta nola ez, jakitun berdinarengana joan ziren berriro ere aholkuaren bila.
- Maixu, gure gerlariek ere lo egiteko beharra dute, eta enperadoreak erne ez daudela ikusita ezin du lo egin lasai. Zer egin dezakegu?
- Mamu eta izpirituek jada gudariak ezagutzen dituzte. Atean bien irudien margoa jarrita, mamuak izutu eta ez dira enperadorearen gelan sartuko. Honela, lo egin ahal izango du lasai berriro ere.
Eta logelaren ateen kanpoaldean, bi gerlarien irudi basatiena margotu zuten, armak eskutan zituztela. Enperadoreak lasai asko egin zuen lo geroztik eta 90 urte bizi izan zen.
Txinako landa etxe eta tenplu askotako ateetan aurkitzen dira bi gudari hauen erretratoak margotuta, izpirituen etsai eta uxagarriak direlakoan.