Camille Jourdy

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2017ko uzt. 7a, 08:11

kolaboratzaileak

Ez naiz frantziar kulturaren jarraitzailea. Batere ez. Nolabaiteko erreparoa diot fisikoki horren gertu daukagun herrialdetik datozen pelikula, liburu eta bestelako obrak irakurtzeari. Baina salbuespenak ere izaten ditut, eta horietako bat da Camille Jourdy.

Iruñeko Yamaguchi liburutegiko tertuliaren programazioan bere komiki bat zegoela aprobetxaturik, behartuta nolabait, irakurri nuen lehenengo aldiz bere obra bat: Rosalie Blum. Benetan freskoa eta originala. Hiru ataletan banatua, emakume baten –Rosalie Blum, noski– biziaren atal bat agertzen zaigu. Kostunbrismoz beteriko narrazioa izan arren, gibelaldeko misterioa handituz doa eta irakurlea guztiz bahitzen du. Korapiloa askatzen joango da atal bakoitzean, kontakizun bera beste pertsonaia baten ikuspuntutik ezagutzera ematean. Hiru atal, hiru pertsona guztiz ezberdin eta nor bere istorioaren zatitxoa argituz trilogia biribildu arte.
Baina garai hartan ez nion egileari erreparatu, obrarekin geratu nintzen besterik ez. Sari asko jaso zituen, pelikula ere egin zuten... tira, arrakasta izan zuen. Aurten, liburu denda batean, egilearen estilo bereko beste komiki bat ikusi dudan arte.

Juliette du izena irakurri dudan bere bigarren komiki honek, eta Camillen estilo pertsonalaren indarra du. Pastel-kolore itxurako margoekin, komikiaren azala berea baino ezin da izan. Barruan artisau lana ematen du, eskuz eginikoa guztiz. Herri baten eguneroko detaile eta ekintza txiki guztietan indarra jarriaz, liburu bakarrean kontatutako komikia da Juliette. Pertsonaien izateko modu inperfektua asko landuz, familia baten eta bere ingurunearen deskribapen sakona egiten digu, baina aldi berean irakurtzeko oso erraza da.

Kontakizunean Juliette gure protagonista bere herrira bueltatzen da denboraldi batez Parisko jendetza eta estresa alde batera utzita. Baina itzulerak iraganeko familiaren barruko tentsioak eta arazoak tenkatuko ditu, eta bera bueltatu aurretik mantentzen zuten oreka egonkorra galdu egingo da. Batzuen amoranteak, besteen sekretuak, aurkituko dituen erlazio berriak, guztiak dira osagai aproposak Juliettek bere baitan sentitzen duen antsietatea astintzeko.

Gaztelaniaz ez da bere beste komikirik argitaratu; frantsesez, ordea, baditu haur liburu bat baino gehiago. 1979.urtean Chenôven (Frantzia) jaioa, arte ederrak ikasi zituen. Lanbidez gaur egun gidoilaria, oso ondo erabiltzen ditu irakurlea adi mantentzeko beharrezkoak diren errekurtso guztiak. Gauza xumeak lehenengo plano batera ekarri eta garrantzia emateko abilezia du. Kontakizunak guztiz sinesgarriak bihurtzen ditu,  nahiz eta azpitik zenbait episodio surrealismoz eta umore beltzez josiak egon. Hor dago bere indarra, orrialdeetan zehar ustez inolako inportantziarik ez duen keinu bati garrantzia ematen dio,  ezinbestekoa bihurtzen du komikian zehar,  eta aldi berean beste modu batez sinesgaitza suertatuko zitzaizun anekdota konturatu gabe irentsi egingo duzu.