Gazpacho agridulce

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2017ko ira. 22a, 08:01

kolaboratzaileak

Gazpacho agridulce ez da sukalde esperimental batean sorturiko plater berri horietako bat, baina erraz asma daitezke bere bi osagai nagusiak: Andaluzia eta Txina. Gazpacho agridulce hitz jokoak, egilearen barruan elkarrekin bizi diren bi kulturen nahasketa deskribatzen du. Hobe ulertzeko, egilea Quan Zhou dela esango dizuet, itxuraz txinatarra baina izatez andaluziarra den neska. Bere gurasoak gazteak zirela alde egin zuten Txinatik eta Andaluzian bukatu. Bertan, jatetxe bat zabaldu eta familia osatu zuten. Hiru alaba izan zituzten, Espainiako hegoaldean jaioak hirurak. Quan, ahizpa ertaina dugu.

Marrazteko grinak Interneten bere komiki eta marrazkiak argitaratzeko ausardia eman zion, eta gutxika zale ugari sortu zitzaizkion. Arrakastaren arrazoia ez dakit baina ziur duen berezko umoreak eta kontatzen dituen Zhou familiaren inguruko bitxikeriak nolabaiteko pisua izan dutela.

Berak oraindik ez zekien, baina bere egoera berdinean jende asko dago, eta ez dira bakarrik etorkinen seme-alabak. Aipatutako dualitateak, kanpotik edo itxuraz txinatarra izatea eta barrutik edo izatez andaluziarra, arrazakeria zenbait arazo ekarri dizkio. Berak bere burua modu batez ikusten du, baina kanpotik, gizarteak beste modu batez ikusten dugu Quan. Beste kultura batean hazi diren pertsona asko dago gure artean naiz eta gu ez konturatu.

Interneteko sare erraldoian ez da erraza ezagutzera ematea; konpetitibitate basatia dago bertan. Ala ere, azkenean bere lanak nolabaiteko ospea lortu zuen eta jarraitzaile taldetxo bat sortu. Ondorioz, medio boteretsuen interesa piztu zuen ohizkoa den bezala eta El Pais egunkariko astekarian argitaratzen hasi zen bere lana (ez paperetan, Interneten oraindik ere). Azkenik, 2015. urtean, Bizkaiko Astiberri argitaletxeak bere lehen komikia argitaratu zuen, Gazpacho Agridulce: un cuento chino-andaluz.

Marrazkiaren eta koloreen aldetik ez du asko balio komikiak, baina esan bezala kontakizunek indar ekartzaile boteretsua dute. Ez da marrazkigile ona izan behar komikigile ona izateko (adibide bikaina dugu Ivá eta bere Makinavaja edo egun hauetan Iruñeako komiki saloian ikus daitekeen Cutlas erakusketa).
Lehen liburu hori irakurtzen duenak, zer aurkituko du bertan? Bere biografia bai, baina ez ezazue datuz zipriztinduriko kontakizun aspergarri bat espero. Adibide bezala, bera taxi batean jaio zen, ospitalerako bidean, bere ahizpa heldua bezala. Bere gurasoak Txinan ezagutu zirenetik Bigarren hezkuntza bukatu inguruko  bizi tartea laburbiltzen du bertan.

Bigarren zenbakia aste honetan bertan argitaratuko du Asteberrik. Ez dut aukerarik izan oraindik irakurtzeko, baina badakit hiru ahizpen abenturak utzitako puntuan berreskuratzen dituela, beharbada ikuspuntu helduago batetik ikusita. Ahizpa bakoitzak munduaren punta batean bukatu du (Madril, AEB eta Andaluzia, oker ez banago), eta zer gertatu zaien jakiteko irrikan nabil nire alearen zain.