Grebak Japonian

Erabiltzailearen aurpegia Jose Luis Asensio 2017ko aza. 10a, 08:05

kolaboratzaileak

Japoniar erara egindako greba batean, langileek produkzioa handitzeko ahalegina egiten dute lan egiteari utzi gabe. Honela, enpresa barruan stock handia sortzen da eta ekonomiaren eskaintza eta eskaera legeen arabera diru galerak izango dira langileek soldata osoa kobratzen duten bitartean. Produkzioa eskaintza baino handiagoa bada, prezioa jaitsi behar omen da dena saltzeko eta horretan datza sinismena.

Greba egiteko modu hau, ordea, ez da benetan ematen Japonian. Kondairak 40 eta 50 urteetako hamarkadetan jasotako gertakizun bat du oinarri. Garai hartan, kotxeak egiteko prozesuak eraldatzen hasi zen Toyota, kalitatea jaitsi baina aldi berean prezioa jaitsi eta produkzioa handitzeko. Arrakasta izan zuen, baina kalkuluak ez zituzten ondo egin eta atzeraldi garai batean zeudela, saldu gabeko kotxe kopurua handituz joan zen diru arazoak sortu zirelarik. Diru galerak zirela eta, langileak kaleratzea pentsatu zuen Toyotak eta hauek greba luze bat hasi zuten beren eskubideen alde borrokatzeko. Greba ordea, arazoa sortu ondoren hasi zen eta ez alderantziz.

Japonian izaten diren benetako grebak normalean bi motatakoak izaten dira. Gure gizartean izaten diren greben antzekoak dira batzuk, lana egiteari uztea alegia eta lana uzteagatik soldataren zati bat galtzea. Greba mota hau askotan enpresak negoziazio bat hasteko egin ohi da eta ez negoziazioa aurrera doanean presioa egiteko. Oso motzak izan ohi dira, eta langileak kartela eta pankartekin kanporatzen dute beraien ondoeza.

Bigarren greba mota, "arreta greba" deiturikoa dugu. Langilea lanera doa normaltasunez, baina bere enpresaren segurtasun eta higiene-arauak zorrotz betetzen ditu. Normalean kontutan izaten ez diren arau txikienak ere betetzen dira, denbora alferrik galduz. Pentsa jatetxe bateko zerbitzari batean. Bere araudian eskuak garbi izan behar dituela idatzirik badu, zorrozki betetzeko, edozein gauza ukitu ondoren joan beharko du eskuak garbitzera. Honek kexa ugari sortuko ditu ezin izango duelako arreta jarri bezeroetan, baina aldi berean langilea bere eginbeharra betetzen ari da legediak dioen moduan, sisteman dagoen arazo bat azpimarratuz. Soldata mantentzeaz gain, arazoa enpresan dagoela erakutsi nahi da, bai langile gutxi dituelako lanean edo egitera behartuta dauden lana gehiegizkoa delako.

Kuriositate bezala, jakin ezazue langile publikoek debekatuta dutela greba egitea, 40. hamarkadaz geroztik, Japonian. Eta ez dira soilik poliziak eta suhiltzaileen moduko langileak, administrazioko langileek eta beste funtzionario guztiek ere dute debekua indarrean bigarren munduko guda bukatu zenetik.

Gaur egun munduan hitzarmen kolektiboek indarra galduz doaz eta enpresa eta langileen arteko harremana zuzena izan ohi da. Ondorioz, greben indarra gutxituz joan da eta gaur egun ia ez da grebarik egiten Japonian. 2010. urtean Japonia osoan 4 ordu baino luzeagoko grebak 38 izan ziren besterik ez, eta osotara 2.500 pertsonek hartu zuten parte.