guaixe.eus

Bakardadea 3

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura

kolaboratzaileak

Bakardadearen jatorria eta ondorioak aztertu ondoren, Japoniar gizartearen arau zorrotzak gainditzen dituen gizakiaren baitan dagoen bizi iraupenaren garaia da.

Bai, gizarteak eboluzionatu egin du garai ezberdinetan zehar sistema politiko, ekonomiko eta erlijiosoak sortuz. Sistema hauek ez dira beti pertsona guztien onurarako sortu, adibide garbiak ditugu feudalismoa eta esklabotza. Hala ere, beti aurrera egin dugu.

Telebistan Japoniako gizartean baztertuta bizi ziren zenbait pertsonen bizimodua aztertzen zuen programa bat ikusi nuen orain dela zenbait hilabete. Bertan, aurreko artikuluetan aztertutako arrazoiak zirela eta, gizon eta emakume ezberdinak teknologian murgiltzen ziren, pertsonak baztertuz. Batzuk, interneten bidez soilik izaten zuten harremana pertsonekin. Beste batzuk (gizonezkoak esango nuke denak) panpinak zituzten neska lagun bezala, sexu harremanak izateko. Eta azkeneko taldeak animalia bizi bat maskota bezala izan beharrean, animalia robota erosten zuten. Ez zuten ezer jakin nahi bizia zuen izaki batekin, ez pertsonak ez animaliak.

Robotak bere nagusiaren aurpegia ezagutzen zuen, eta prestakuntza baten ondoren, aurpegiak islatzen zuen espresioa ulertzen zuen. Etxera iristean bazekiten nagusia triste, pozik edo haserre zegoen eta horren arabera bere nagusiari modu batez edo beste batez hitz egiten zion.

Baina hona hemen kontraesana: bat-batean, beste gizakiekin traturik izan nahi ez zuten pertsona hauek, robotak zituzten beste pertsonekin bildu nahi zuten robotak haien artean nola moldatzen ziren ikusteko. Eta topaketak antolatzen zituzten beraien robotak elkarrekin hitz egiten ikusteko. Azkenean taldetxoa egin eta denak taldean biltzen ziren astero roboten aitzakiarekin, eta norbait joaten ez zenean faltan botatzen zuten.

Giro arrotz eta zailean egon arren, gizakia animalia soziala da eta beti bilatzen du modua besteekin bildu eta harremana izateko. Gizarte bezala aurrera egingo dugu beti bizi iraupena lortzeko sortzen zaizkigun arazoak gaindituz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak