Duela zenbait hilabete Javier Telletxea nor zen interneten ikusi nuen. Javierzo (edo ta Javiertzo) bezala sinatzen ditu bere bideoak eta Txinako kultura eta eguneroko biziari buruz hitz egiten du. Beran jaiotako nafar honek bere ikasketak Txinan bukatu zituen eta geroztik han dabil bueltak ematen bere neska txinatarrarekin.
Txina barrutik ezagutzen duela esan daiteke, eta bertako bizitzeko modua, jendea eta izaerak blog batean, artikuluen eta bideoen bitartez erakusten dizkigu erdaraz. Ikusi dudan azkenekoa “soberan” dauden emakumeei buruzkoa da, eta, laburbilduz, gizarte patriarkal baten ikuspuntutik baliorik ez duten emakumeei buruzko azalpena da.
Baina, pixka bat sakonduz, gure gizarte okzidentalarekiko zenbait ezberdintasun ere ematen dizkigu. Txinatar gizartea, beste asko bezala gurea barne, matxista da. Emakumearen papera haurrak izatea da, normalean gazte. 30 urte bete ondoren, emakumeak ez badu bikoterik ez eta haurrik, “soberan” dago gizartearentzat, gure euskal “neskazar” hitzaren parekoa litzateke.
Gure ezjakintasunetik, pentsa dezakegu emakume bakar kopurua oso txikia izango dela, seme bakarreko politikaren ondoren gizonezko kopurua emakumezkoena baino askoz handiagoa delako zenbait sektore demografikotan. Baina estatistikak ez du guztia esaten, eta gauza gehiago kontutan hartu behar dira.
Alde batetik, emakumea lan mundura gogoz sartzen ari da, eta, ondorioz, bere hezkuntza gero eta gehiago zaintzen du. Lehenago ezinezkoa zen aukera berri bat jarraitzea erabaki dezake emakumeak Txinan, familia ez izatea edo eta atzeratzea lanagatik. Hala ere, familia nahi duen emakumeak ere zenbait arazo izan ditzake, zeren gizon baten lepotik barre egiteko arrazoi nahikoa da emakumeak gizonak baino diru gehiago irabaztea edo ikasketa maila altuagoa izatea.
Ezkontzei buruz, ikasketei buruz, auzoetako biziari buruz, janariari buruz... gai ezberdin asko jorratzen ditu Javierzok, eta denak youtuben ditu zintzilik, nahi duenak ikusteko.