Aurtengo ikasturtea bukatuta, komikien munduan ere hurrengoan pentsatzen hasi beharrean gaude. Oraindik zenbait aste falta diren arren, gertu izango ditugun bi ekitaldi aurreratuko dizkizuet, eta horietan protagonista izango diren egile eta komikiak ezagutzeko aprobetxa dezakezue uda.
Hasteko, irailean Nafarroako IX. Komiki Topagunea izango dugu. Zenbait urte dira lehenengo edizioa ospatu zenetik eta bidean hazi egin den arren, aurten berriro Iruñeko Kondestable jauregira bueltatuko da ekitaldia nahiz eta zenbait gauza Civican aretoan ospatuko diren.
Komiki topagunean izango diren egile eta lanen artean honakoak dira nire ustez aipagarrienak: Corto Maltes pertsonaia Hugo Prattek asmatu arren, orain Ruben Pellejero egileak egiten ditu eta topagunean izango da. Berarekin Natacha Bustos (Marvel argitaletxeko egilea), Mamen Moreu (El Jueves-eko Marcela pertsonaiaren sortzailea), Alvaro Ortiz (Cenizas eta Murderabilia komikien sortzailea) eta Belatz egongo dira. Belatzek Lucio anarkistaren biziaren inguruko komikia argitaratu berri du, eta dirudienez ikuspuntu pertsonalago bat ematen dio historiari.
Bestalde, urrian Yamaguchi liburutegiak urtero antolatzen duen komiki tertulia hasiko da. Ikasturte osoko programazioa zehaztua egon arren, lehenengo hiruhilekoan eztabaidatuko diren komikiak aurkeztuko dizkizuet. Urrian, zientzia fikzioa izango da protagonista eta David Sanchez egilearen Un millón de años eta J. Lemire egilearen Descender sagaren lehenengo atala irakurriko dira.
Urrian asiari buruzko gaia landuko da eta horretarako A. Ducoudray-ren El cumpleaños de Kim Jong II eta Sonny Liew egilearen, El arte de Charlie Chan Hock Chye obrak landuko dira.
Abenduan munstroei buruz hitz egingo da, eta horretarako J.C Iglesias egilearen Mary Shelley, la muerte del monstruo eta Emil Ferris egilearen Lo que más me gusta son los monstruos lanak eztabaidatuko dira.
Tertulian lantzen diren komiki gehienak, Yamaguchi liburutegian egongo dira eskuragai maileguan.