Euskal zientziagintza sustatzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2018ko eka. 25a, 12:19

Udako Euskal Unibertsitateko aurtengo Udako Ikastaroak, 46.ak, “ElkarEkin” lemapean ospatuko dira. Horien artean, Eibarko Markeskoa Jauregian, Uztailaren 9-10ean, “Dibulgazioan hasten eta hazten” izenburuarekin egingo den ikastaroa antolatu dugu zientzia eta euskara uztartzeko asmotan.

Ikastaroa antolatzerakoan elkarrekin lan egitearen garrantzia buruan izan dugu: euskaraz zientzia egitea ez da erraza, baina, zientzia-dibulgatzaileen sarea osatzen ari gara, pixkanaka. 2016an "Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak" topaketa izan zen abiapuntua eta aurten jarraipena izan du EEZZ18 jardunaldian.

"Dibulgazioan hasten eta hazten" tailer-topaketan zientziazale euskaldunak euskal zientziagintzara erakarri nahi ditugu euskaraz zientziaz idazten has daitezen. Horretarako, dibulgatzen hasteko lehen tresnak emango ditugu: idatzizko dibulgazioa, ikus-entzunezkoa eta zuzenekoa izango dira geure jomuga. Ikastaroa ikertzaile, zientzialari eta zientziazale euskaldunen topagunea izatea ere nahi genuke, sarea trinkotu eta esperientziak partekatzeko.

 

Ikastaroari buruzko informazio guztia UEUren webgunean aurki dezakezu. Matrikula zabalik!

 

Uztailaren 9an eta 10ean Eibarren ikusiko garelakoan,

Josu Lopez-Gazpio, Uxune Martinez eta Koldo Garcia, antolatzaileak.