Hotelak, hegazkinak eta orain tabernak ere bai. Hemen, nire lehen zutabean bogan dagoen "negozio" berria (Karibean 70ko hamarkadakoa, baina moda guztiak bezala, bueltan da). Helduak bakarrik, letra larrietan eta neonez jartzen dituzten negozioak. Bezeroak harrapatzeko "haurrez libre". Benetan?
Zergatik sortzen ari dira horrelako zerbitzuak? Legezkoa al da? Legediak hotelei edo antzeko ostatuetan adingabeei sartzea debekua baimentzen ez duen arren, helduendako leku esklusibo gisa iragartzeko baimena ematen du. "Ihesaldi erromantikoetarako aproposa" argudiatuz. Bazterkeria, luxuz mozorrotuta.
Tabernak, aldiz, ez dute sarrera debekatzen, baina ez dituzte ez trona, ez haur menuak eskaintzen eta tabernarien begiradak… Modu naturalean, hautespen naturala bezala, familiok ez ditugu horrelako jatetxeak aukeratzen. "Haurrak ez" ezkutuko eta eguneroko keinuak.
Ez al dago gure gizartea (eta berez, gu ere bai) beste behin ere, gizon, txuri, heldua ez den, beste norbaitekin bizitzeko prest? Elkar bizitzeko prest?
Honek guztiak agerian uzten duena da, gure gizarteak, benetan, haurrendako lekurik duen ala ez. Eta ez naiz parkeez, eskolez edo eskolaz kanpoko jarduerez ari.
Azken hausnarketa bezala, guk haurrak baztertzen baditugu edo gure gizartearen eraketa eta eraldaketan kontuan hartzen ez baditugu, zer egingo dute haur hauek helduak direnean? Nahi ala ez nahi, egiten duguna eta ez esaten dugunarekin, haurren eredu gara.
Astebururako gonbidapen bat: makurtu eta mundua, haurren begiekin ikusteko betaurrekoak jarri.