64 urte pasa dira azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ezarri zela, Nazio Batuek bideratuta, arraza, hizkuntza, erlijioa, sexua, gaitasuna, alde batera utzi eta haurtzaroa babesteko eta beraien garapen integrala bermatzeko helburuarekin.
Guztiek ezagutzen ditugu eskubideetako batzuk eta egunero urratu egiten direla ere bai. Hain zuzen ere, guda baten erdian jaio eta haztea, geroz eta ohikoa bihurtzen ari da. Hezkuntzarako, jolaserako, osasunerako eskubidea… Jartzen al ditugu haurren eskubideak gure bizitzen eta gizartearen erdigunean?
Helduen osasun mentala haurtzaroan definitzen dela kontziente izango bagina, ziur nago, hauek babesteari arreta gehiago jarriko geniola. Baina… Nondik hasi?
Bakoitza bere eremu pertsonaletik, haur begirada duten betaurrekoak jarri eta… hasteko, nahikoa izan daiteke.
Jarraitzeko, Zavalloni, italiarraren "HAURREN ESKUBIDE NATURALAK" ezagutuz. Naturalak? Bai, naturarekin lotuta eta modu naturalean ere haurtzaroari lotutakoak. Batzuk:
- Zikintzeko eskubidea: arearekin, lokatzarekin, urarekin jolastu….ze gozatua!
- Eskuak erabiltzeko eskubidea: mundua ezagutzeko eskuak erabili …eta zikindu!
- Haziera ona: elikagai osasungarriak hartu, ur freskoa edan eta aire garbia arnastu.
- Basatia izateko eskubidea: basoan etxola bat eraiki, zuhaitzetara igo, errekan bainatu... Gogoratzen?
- Isiltasunerako eskubidea: haizea, txoriak, basoaren marmarra, lasaitasuna…
Natura gara, geroz eta urrunago gauden arren.
Proposamena: aurreko eskubideren bat aukeratu, eta praktikan jarri.