Hau da, AILUROFILIKOA naiz. Ailuros hitzak katua esan nahi du, eta philos hitzak, maitasuna. Horixe da katuenganako dudana: mirespena, erakarpena eta maitasuna.
Helduen artean hori esaten dudanean aurpegi arraroak jartzen dituzte. Katuak? Benetan? Aurreiritzi eta jarrera asko daude katuen inguruan. Adibidez, zer gertatzen da gure herrietan bizi diren katuekin?
Batzuk ez dira beraien presentziaz ere jabetzen, beste batzuk ikustean mesprezuz begiratzen dituzte eta gainontzekoek ikusi, irri egin eta ondo dauden ziurtatzeko azterketa azkarra egiten dugu.
Antzekoa pasatzen da bestelako "herri faunarekin". Adibidez, usoekin. Batzuetan, haurrek, (gehienetan helduak "erakutsita") jolas bezala hauek usatzen dituzte. Baina biek ez badute jolasean modu berean parte hartzen eta disfrutatzen, ez da jolasa.
Bradley Millar-ek zioen bezala, haurrari beldarra ez zapaltzen irakastea beldarrarentzat zein haurrarentzat bezain garrantzitsua da.
Kale katuak kalean bizi eta kalekoak dira, noski. Kaleak ere beraienak dira, eta onurak eskaintzen dizkio komunitateari, beste animalia batzuk, hala nola saguak edo arratoiak, gure ingurunean hedatzea eragozten baitute.
Orain dela urte batzuk New Yorkeko hiriak kale katuen aldeko kanpaina bat abiarazi zuen, hauek kaletik kentzeko aurreko politikak hiria arratoiez betetzea baino ez baitzuen eragin. Hori dela eta, kale katuak hirira bueltan egotea nahi zuten, koloniak kudeatzen dituzten entitateek gainbegiratuta, eta horrela arratoien izurritea modu naturalean kontrolatu ahal izateko.
Txalotzekoa!