Astekoa

Konstituzioaren 49. artikulua

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko mar. 4a, 09:54

Horixe da aldatuko den artikulua. Horixe da azkeneko 45 urteetan egin den Konstituzioaren hirugarren aldaketa. Eta hala izan beharko zuen, orain,  eta orain dela 20 urte. Zein izan da aldaketa? "Gutxitu" hitza "desgaitasuna duen pertsona" hitzaren truke aldatzea. 

Lelokeria eman dezake, baina askotan iseka egiteko erabilia izan den hitza da, eta, zoritxarrez, erabiltzen jarraitzen da. Aldaketa kontzeptualaz gain, 40 urte baino gehiagoko borrokari esker aurrerapauso itzela izan da. Batez ere pertsona hitza desgaitasunaren aurretik doalako.

Ez hori bakarrik, aldaketari lotuta, lehen aldiz desgaitasuna edo aniztasuna duten emakumeak eta neskak erdigunean jarri dira. Orain arte ez ikusiak izan dira, eta bere eskubideak behin eta berriz zapalduak izan dira. Adibidez 2020ra arte, ez borondatezko antzutzea egiten zen behar baino gehiagotan. Euren iritzia jakin gabe, askotan euren baimenik gabe… euren gorputzarekin zer ikusia duen erabaki garrantzitsua, beraiek kontuan izan gabe… Orain dela lau urte, besterik ez, legez debekatu zen. 

Eta horrelakoekin orriak eta orriak bete ahal genituen. Denok, bai denok, bizitza duin eta autonomoa nahi dugu eta merezi dugu. Komunitatean, bizitza proiektu pertsonala, lagunak, lana... Zenbatekoa da desgaitasuna duten pertsonen langabezia? Kontatzen al da?

Eta jaio eta bizi nahi duten herrietan bizitza independenterako aukerak? Eta aisialdia? Eta... Hurrengo batean jarraituko dut, orain Kongresuak onartutako aldaketak ematen duen indarra hartu, eta ospatzeko momentua da.