Astekoa

Ama izatea ez da zaila, zaila...

Erabiltzailearen aurpegia Josune Azpiroz Imaz 2024ko eka. 3a, 10:21

Martxoa emakumeon hilabetea bezala hartu ohi da, eta maiatza? Emakumeon osasun hilabetea dela esan daiteke. 
Maiatzaren 1a, langileon eguna izateaz gain, AMAREN OSASUN MENTALAREN MUNDUKO EGUNA da. Kasualitatea? Langileon eguna eta amen osasun mentala egun berean izatea ez zait hain kasualitatea iruditzen. Ama izan naizenetik nire osasun mentalean eragina izan duela argi dago, are gehiago, ama eta langilea naizenetik. 

Askotan gurpilaren barruan dagoen arratoia naizenaren sentsazioa dut, ez dudala nahikoa egiten, korrika alde batetik bestera eta inoiz ez gara iristen. Nora? Ez dakit, baina inoiz ez da nahikoa. Norentzat? Ez dakit ere ez. Niregatik izango balitz ez nintzateke horrela ibiliko. Orduan...

Ametsetan (amets gaiztoetan, hobeto) korrika egin nahian bezala, ez aurrera ez atzera. Pasa al zaizue noizbait? Ziur nago baietz. 
Geroz eta ohikoagoa da, baina ohikoa izateagatik ez da normalizatu behar, parkean gaudela antsietateaz, depresioaz, estresaz jota dauden amen konfidentziak jasotzea. Askok ez zuten bere burua hain gaizki ikusten, beste batzuk soka apurtzearen zain zeuden eta ez die ezustean harrapatu...

Ama izatea ez da zaila. Zaila, ama zaren bitartean beste guztia egitea eta izatea da. 

Ez da guk ez dugula ama bezala funtzionatzen, ama garen sistema baizik. Laguntzarik gabe, baliabiderik gabe, lagunik gabe, profesional espezializaturik gabe, erantzunkidetasunik gabe, baimen duinik gabe. Hori guztia gabe, ezin dugu. Hori guztia gabe, egunerokoa bizirauteko borroka bihurtzen da, gure osasun mentalaren kontu.